Izena emateko epea atzo ireki zuten eta otsailaren 3an itxiko dute. 225 dortsal zozkatuko dituzte. Zozketa otsailaren 24an egingo dute, Zegamako udaletxean
Zegama-Aizkorri mendi maratoian izena emateko epea atzo ireki zuten eta dagoeneko 4.200 lagun baino gehiagok eman dute izena dagoeneko
kirolprobak.com webgunean: aurreneko egunean 3.000 izan ziren, iazko lehenengo egunean baino ia 1.000 gehiago.
Izena emateko azken eguna otsailaren 3a izango da. Otsailaren 24an, hileko azken ostira-lean, 225 dortsal zozkatuko dituzte izena emandako guztien artean. Zozketa Zegamako udaletxean izango da, 18:00etan. Dortsalen jabeen izenak arratsalde horretan bertan emango dituzte ezagutzera,
zegama-aizkorri.com webgunean.
Aurtengo edizioa, hamaseigarrena, maiatzaren 28an izango da. Maratoia, gazteentzako Junior Trail lasterketa eta kilometro bertikala ostiralean aurkeztu zituzten, Donostian. Ekitaldian Iñaki Iturriotz Aldundiko Kirol zerbitzuko zuzendariak, Joseba Izagirre alkateak eta Ainhoa Txurruka eta Alberto Aierbe antolatzaileek parte hartu zuten.
500 dortsal
Maratoian 500 dortsal banatuko dituzte. 225 izena emango duten guztien artean zozkatuko dituzte, 150 antolakuntzak hartuko ditu bere konpromisoei erantzuteko eta 125 azken urteetan denbora onenak egin dituztenen artean eta edizio guztiak amaitu dituztenen artean banatuko dituzte.
Aipatzekoa da geroz eta gutxiago direla edizio guztiak amaitu dituztenak. Iaz arte hamaika ziren, baina iaz oso eguraldi txarra egin zuen eta kopuru hori ia erdira jaitsi da.
Maratoiaren egun berean, gazte mailako korrikalariek Zegama-Aizkorri Junior Trail lasterketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Korrikalariek 10,4 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Proba horretarako 100 dortsal banatuko dituzte. Orain arte ez dute zozketa egin beharrik izan, 100 lagun baino gutxiagok ematen baitute izena. Iaz 70 gaztek parte hartu zuten.
Kilometro bertikalari dagokionez, maiatzaren 26an egingo dute (ostirala). Aurten, lehenengo aldiz, Munduko Koparako puntuagarria izango da. Maratoia ere, aurreko urteetan bezala, Munduko Koparako puntuagarria izango da.
Kilometro bertikalean, 400
Kilometro bertikalean, iazko moduan, 200 dortsal banatuko dituzte. Iaz 700 lagunek eman zuten izena, urtebete lehenago baino 100 gehiagok. Maratoiko dortsalekin batera zozkatuko dituzte kilometro bertikalekoak. 400 lagunek baino gehiagok eman dute izena jada.
Kilometro bertikalaren ibilbidean iaz aldaketa bat egon zen: Aitxuriko puntara igo beha- rrean, Iraulekora igo ziren. Aurten ere Iraulera igoko dira.
Kataluniar asko
Ainhoa Txurruka gustura ageri zen atzo, izen-emateko lehen egunean lagun askok izena eman zutelako. Iaz, maratoian bakarrik, 7.800 lagunek izena eman zutela gogoratu zuen. Kataluniar kopurua azpimarratu zuen. «Oso harrigarria da zenbat kataluniarrek ematen duten izena. Dagoeneko kataluniarrak euskal herritarrak baino gehiago dira. Horrek oso argi uzten du Katalunian kirol honek sekulako indarra duela».
Antolatzaileek ez dute oraindik gauza asko aurreratzerik, baina Txurrukak urtero bezala omenaldia egongo dutela esan zuen. «Iaz hildako boluntarioak omendu genituen eta ea aurten ez dugun era horretako omenaldirik egin beharrik», amaitu zuen.