Lanak, zortzi asteko epean burutuko direla aurrekusten du Udalak eta 171.000 euroko aurrekontua du. Hurrengo asteetan, beste hainbat tokitan hasiko dituzte lanak
Ordiziako Okorrobidea kaleko urbanizazioa berritzeko lanak hasi dituzte, aste honetan. Altamira auzoaren goiko aldean dago kokatuta Okorrobidea kalea eta «Ordiziako eremu zaharrenetakoa da», Ordiziako alkateak, Jose Migel Santamariak adierazi duenez. Horregatik, «berrikuntza lanak behar-beharrezkoak» direla nabarmendu du Santamariak.
Lanak, zortzi asteko epean burutuko direla aurreikusten du Udalak. Obraren aurrekontua 171.000 eurokoa da. Aukera aprobetxatuz, udalak Gipuzkoako Urak ur kontsortzioarekin hitzarmena lotu du eta ur saneamendua ere berrituko dute. Berrikuntza horrekin, euri urak eta ur zikinak bereizteko sistema ezarriko da eta ur horniketa berrituko da.
Proiektua zehazteko, Okorrobidea kaleko bizilagunen laguntza eta parte hartzea eskatu du udalak. Hala, herriko eremu horretan aparkatzeko dagoen plaza kopurua mantentzeko eskatu zioten udalari. Izan ere, proiektua irisgarritasun arauetara moldatzerakoan, aparkalekua murrizteko aukera zegoen, leku faltagatik. Azkenean, obraren di- seinua bizilagunen beharretara moldatu da eta kaleko zenbaki pareen aldeko espaloiari bi metroko zabalera emango zaio. Okorrobideak 170 metroko luzera du; 1.640 metro koadro asfaltatuko dira eta espaloietan 315 metro koadro baldosa jarriko dira.
Saneamendu sareari dagokionez, bi adar izango ditu; ur zikinak alde batetik, eta euri ura bestetik. Horretaz gain, hornitze sarea ere berrituko da. Kasu ho- rretan, helburu nagusia ur isuririk ez izatea da. Auzoa hobetzeko lehenengo pausoa da lan hori. Altamira kalean ere antzeko obra egitea aurreikusten du udalak. 2017ko aurrekontuetako proposamenetako bat da Altamira kalean egin nahi duten berrikuntza lana.
Obra amaitu bitartean aparkatzeko aukerarik ez da egongo. Dena dela, kalea trafikoarentzat zabalik egongo da, eta garajeetarako sarbidea ere irekita egongo dira. Hala ere, adi ibiltzea eskatzen dute errepidea estutu egin delako.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie bizilagunei prozesuan izan duten parte-hartzeagatik. Horretaz gain, barkamena ere eskatu nahi die obrak sortuko dituen eragozpenengatik.
Beste lan batzuk
Udal brigadak lan desberdinak eginez hasi du urtea; Montañitako zorua berritu dute, Tximistako hesia garbitu eta konpondu eta Montañitako baranda eta horma ere garbitu dute. Barrenako parkean hasi ziren garbiketa lan horiek eta jarraipena izango dute aurten.
Datozen asteetako zereginen artean, nabarmentzekoak dira Urdaneta ikastetxeko patioaren zoru zati bat eta trenbideko itxitura konponduko direla eta Garagartza plazatik Legazpi kalera gurutzatzen duen oinezkoan pasoa hobetuko dela. Garbitasunari dagokionez, euri uren arketak , ur-bideak eta errekastoak garbituko dira, hiri mantenu lanak egiteaz gain.