San Blas opila otsailean sartu garela iragarriz etorri da feriara, eta eguraldi epela lagun landareetan udaberriari begira jarrita daude. Larrosak era aukeran dira, mota askotakoak.
Aspaldiko partez eskertzekoa zen eguraldi epel eta atsegina atzoko merkatuan. Bitxikeria: 15 gradu goizeko 07.30ean eta 12, berriz, 09:00etan. Aurtengo negua, izan ere, aspaldiko hotzena izan baita orain artekoan. Eguraldia gozatzearekin bat, segidan somatzen da baratze eta loreetan eraberritze gogoa eta, hala, landare postuetan marrubi landareak (0,50 euro bakoitza) edota bitarteko porrua (3 euro ehuneko sorta) aukeran daudela. Porru hori, urtekoa bukatu eta berriz ere hasi bitartean landatu eta laster, fin eta fresko, jateko moduan izaten delako deitzen da horrela; luze uzteko ez du balio laster garatzen baita. Udazke-nean aldatu ez zituztenak udaberriko tipula landareak erostera etorriak ziren. Hazitarako patata ere laster prest izango duela zioen Jabier Lacallek.
Lore kontuetan, berriz, larrosak aipagai. Joan zen astean ekarri zituen lehen larrosa landareak Azanzak, 10,50 euroan bakoitza. Motzak edota gora egiten dutenak, emota eta kolore askotakoak ditu aukeran
San Blas opila
Oroimen pizgarri zen atzo San Blas opila. Nondik norako ohitura ote den opil hori galdezka hasita, bakoitzak bere ohitura eta oroimenak kontatzen hasteko ez zen asko behar izan. Opil gozoa da Maite Iturbe okinak egin eta euro eta erdian saldu ohi duena; aldiz, ogi opila ere oso txertatua da gure artean, lehenagotik datorrena gehienen oroimenean. Bedeinkatze kontua ere segidan atera zen: orain inor gutxi joaten dela elizara baina okindegi batzuetan bedeinkatua saltzen dutenekoa, edota Maitek amarena kontatu ziguna: «Ogi opil bedeinkatuaren zati bat gordetzen zuen gure amak urte batetik bestera eta orduan txerriari ematen zion», zahartua ematearen arrazoiari zentzurik ezin aurkituta. «Festetan saltzen diren anis erroskilen gustua etortzen zait gogora» beste batek, edota «Markinako kokotearen antzekoa ere bai». Kontuak kontu, garaiaren marka duen gustu gozo askoa ferian salgai aste honetan.
Arkumearen prezioa
Bestalde arkumearen prezioa egonkortu da. 3,10 euro gehi BEZ-ekoa da martxoaren 14ra arte, kiloko eta bizirik pisatua, Garsabik, Gipuzkoako arku-meen salmenta eta bilketaz arduratzen den elkarteak enkantean lortutako prezioaren arabera.