Goierri beheko ekonomiaren lehiakortasun mailaren argazkia egin du 'Ekonomia gurean' saioak Beasaingo Igartzan: beste eskualdeekin alderatuta, postu onean dago eskualdea.
E
konomia gurean saioa egin zuten atzo goizean Beasaingo Igartzako Jauregian, Tokikomek Goierri Irrati Telebistarekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Eskualdez eskualde ari dira saioak antolatzen, eskualde bakoitzaren ekonomia eta lehiakortasun maila ezagutzeko helburuarekin.
Goierri beheko argazkia atera eta irakurri zuten atzo. Horretarako, Urko Aristi kazetariak hiru goierritar izan zituen lagun: Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Miren Estensoro, Hine Groupeko Iker Arrizabalaga zuzendari teknikoa eta Eluska Sukia, CAFeko ikerketa garapen kudeaketa sistemaren arduraduna.
Urko Aristik solasaldia hasi aurreko aurkezpenean esan zuenez, Goierri behean «kantitatea eta kalitatea dago. Goierri bizirik eta mugimenduan dago».
Miren Estensorok bailara bakoitzeko lehiakortasun maila aztertzen du, hainbat adierazle kontuan hartuta. «Ondorio nagusia da, oso postu onean dagoela Goierri, gainerako eskualdeekin eta EAEko bataz bestekoekin alderatuta; lehiakortasun maila altua du».
Olaberritarraren esanetan, «eskualde txikia da bai, baina BPG adierazlearen arabera (Barne Produktu Gordina), 38.000 euroko per capita du Goierrik. Aberastasuna badago, nahiz eta ikusi beharko litzatekeen nola banatzen den aberastasun hori». Langabeziari dagokionean, % 10 pasatxokoa da. «Egia da beste eskualdeekin alderatuta baxuagoa dela, baina gogoratu behar dugu 2005-2007an % 5 inguruko langabezia tasa geneukala. Goierrik ere krisia sufritu du».
Industria sektorea
Dena den, Goierri beheak krisiari «erantzun ona» ematen jakin duela azpimarratu du: «Nahiz eta krisiak ukitu, erantzun bat ematen jakin du eskualdeak, horren oinarrian dago industria sektorea dagoelako. Ekonomiaren ezaugarri nagusia industriak duen espezializazioa da, eta sektore industrialak pisu handia dauka».
Eskualdean hamabost enpresa handi (lehiakorrak, aurreratuak, mundu mailan liderrak) eta 230 txiki daude. «Trenen % 80 eskualdean bertan ekoizteko gaitasuna dago eta garabien % 90a. Abantaila konpetitibo handia da hori», gaineratu du Estensorok. Dena den, enpresa handien eta txikien arteko ezberdintasuna areagotzen ari dela dio, nahiz eta saiakera desberdinak egiten ari diren eskualdean batez ere nazioarteratzeari begira. «Goiekiren bitartez enpresa txikiak lankidetzan ari dira naziorteratzeari aurre egiteko. Beste formula bat, enpresa handien eta txikien arteko lankidetza da; enpresa handiek egin dezakete txikiak ere kanpora ateratzea».
Lanbide Heziketa
Lehiakortasun maila neurtzeko langileen kualifikazioa ere baloratzen da. Goierri Eskolaren lana nabarmendu zuen, eta arlo horretan ere, Goierrin langileen kualifikazio maila ona dagoela nabarmendu zuen Estensorok. «Industria garapenean aurreen dauden eskualdeetan Lanbide Heziketak balio handia du».
Komunikazio sarea beste aldagai bat da: Goierri behearen kasuan, «N-1aren inguruan egoteak mesede handia egiten dio eskualdeari. Frogatuta dago N-1ean kokatzen direla berrikuntza handiena duten industria eta enpresak».
Enpresen egoera finantzarioari dagokionean, azkenik, enpresek «nota altua» dutela dio. «Nahiko osasuntsua da industria. Ez du esan nahi egoera ideala denik, baina egoera ona da».