Ahuntz gazta berria hastearekin batera postu batzuk koloretsu agertu dira, zuhaitz adar eta lore moztuen sortaz beteta.
Feriari dagokionez hilabetea, otsaila, agurtu beharrean gaude eta zer kontatua utzi digu azken honek ere.
Azpimarragarriena ahuntz gazta berria izan da. Aldaba Zaharretik Salba Kuadradok ekarri du eta 4 euroan saltzen du gazta txiki bakarra. Kiloka kontuan hartua, 20 euroan ateratzen da kiloa. Alpina arrazako ahuntzen esne gordinarekin egindakoa da eta ez du ontze eperik behar izaten, egin orduko saldu daiteke. Ez da horrela ardi gaztarekin, horrek bi hilabeteko ontze epea behar baitu salgai jarri aurretik. Ahuntz gazta freskoa da, batez ere, Ordizian saltzen dena. Ekoizlea Salba Kuadrado bera soilik bada ere, beste zenbait postutan ere erosi daiteke ahuntz gazta, Euskal Herrikoa Aiakoa edota Zuberoakoa eta kanpokoa Zamora edota Caceresen egina ere lor daiteke merkatuan. Prezioari dagokionez, kiloa 16 eta 20 euro artean saltzen da. Zaletasunari dagokionez, aho batez zioten saltzaileek: «Badira erosle jakinak eta oso gustuko dutenak, baina ardi gazta askoz gehiago saltzen da».
Barazkiak berpiztu dira
Bestalde, baratze kontuei dagokionez, berpiztu dira izotzak lur jota utzi zituen hainbat barazki, hala nola, zerba edo ziazerba, borraja, atxikoria eta hasi dira lehen aire libreko urazak. Txikiak oraindik, baina mota ezberdinetakoak badaude aukeran. Ilarrak, aldiz, hotzekin galdu edota geldigunea izan zuten eta oraindik zain jarraitu beharko dugu. Tomateak aldatzen hasi dira negutegiak propio horretarako prestatuta dituztenak; aldiz, naturaren agindupean daudenek oraindik zenbait astez itxarotea dute onena.
Frutei dagokionez, ez da momenturik gorena eta oraindik ere gehiago mermatuko da aukera, Idiazabalgo Kalbarioko Amaiak laster etortzeari utziko baitio. Hala moduz egingo du ere Jon Etxeberria eztigileak, gehientxona saldua baitu.
Kolerez jantzitako postuak
Hori bizi-biziko mimosa zuhaitzen adarrak eta narziso lore moztuak batetik, eta Cydonia japonica zuhaizkaren adar lore gorridunak, bestetik, ageri ziren hainbat postutan. Sortak 3na euroan ziren salgai. Udaberria geroz eta hurbilago dugun seinale, loreak eta txoriak iragartzen hasiak dira.