Ampo Ordiziak Hernaniren aurkako derbia jokatuko du bihar
Ampo Ordizia eta Hernani izango dira aurrez aurre larunbat honetan Altamiran. Gipuzkoako derbia jokatuko da, 16:00etan, Ohorezko Dibisioari dagokion 17. jardunaldiarekin. Urumeakoak ez datoz une hoberenean, sailkapenean azkenaurrekoak baitira, 15 puntuekin, zerrenda ixten duen Getxok baino bat gehiagorekin. Jaitsiera tokian dago, beraz, Landaren izandako uholdeengatik Gernikaren kontrako partidua jokatzeko badute ere.
Goierritarrek ez dute hernaniarren aurkako partidarik irabazi 2013-2014ko denboraldiko hirugarren jardunaldiaz geroztik. Ez dute gustuko egoera Altamirako zaleek, eta hori jakin badakite Garmendia eta Marotias entrenatzaileek. Dena den, Ampoko jokalariak animo altuarekin daude, batez ere aurreko astean Sevillatik ekarritako garaipenarekin. Ordiziarrek sailkapenean 41 puntu dituzte, iaz 22 jardunaldietan zenbatu bezain adina.
Larunbat honetako partida garrantzitsua da taulako seigarren tokitik gertu jarraitu eta play-offerako aukera ez galtzeko. Ampo Ordizian aste honetan baja dira Jaun Perez pilierra eta hiru-laurdeneko Dani Aizpun, Julen Goia eta Iñaki Puyadena. Azken momentura arte ez da jakingo Imanol Iruarriz eta Oier Goia aurrelariak jokatzeko moduan izango diren ala ez.
Partidua amaitu eta gero estadioko aparkalekuan hirugarren zatia ospatuko da. Zerbait jateko aukera eta kontzertuak izango dira, 16 urtez azpiko taldeak antolatuta, Maiatzean Irlandara egingo duten bidaiaren alde.