Gipuzkoako Ezti Lehiaketan Goierriko sei eztigilek parte hartuko dute. Gozokiak doan dastatzeko aukera egongo da. Bihar, Jakoba Errekondok hitzaldia emango du
Igandean Erlezain Eguna ospatuko dute Zegaman. Urteroko moduan, erlezaintzako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da eta Gipuzkoako Ezti Lehiaketa jokatuko dute.
Festa hau Zegamako Udalak antolatu du, Gipuzkoako Erlezain Elkartearen babesarekin. Beti bezala, aurreko egunetarako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Atzo, Jose Luis Ugarte legazpiarrak Zegamako toponimia mapa aurkeztu zuen Jabier Otaegi kultur etxean.
Bihar, berriz, Jakoba Errekondok
Erleak eta intsektuak erakarri eta uxatu. Nola erabili landareak baratzean hitzaldia egingo du kultur etxeko Oria gelan. Ekitaldia 19:00etan hasiko da.
Igandeko egitarauari dagokionez, 10:00etan txistulariek kalejira egingo dute. Ordu berean, artisau azoka irekiko dute, lore erakusketa eta salmenta egongo dira, Errekondok loreen erabilpenei buruzko azalpenak emango ditu eta kiroldegian Gipuzkoako gozogile onenen produktuak erakutsiko dituzte.
Gainera, goiz osoan zehar erleak eta beraien ekarpenari buruzko panelak ikusteko aukera egongo da, Rafa Gorrotxategik eztizko karameluak egingo ditu artisau erara eta Aitxuri herri eskolako haurrek erlea gaitzat hartuta egindako marrazkiak ikusteko aukera egongo da.
10:30ean Gipuzkoako Ezti Lehiaketa hasiko da. Goierriko sei eztigilek parte hartuko dute: Igor Altunak (Gabiria), Bittor Murgiondok (Mutiloa), Ageda Zeberiok (Segura), Floren Gutierrezek (Legazpi), Rufino Aranburuk (Legazpi) eta Ibon Leundak (Urretxu).
11:30ean haurrentzako kandela tailerra hasiko da, 12:00etan txapelketara aurkeztutako eztiak dastatzeko aukera egongo da, 12:30ean Gorrotxategik karamelu gehiago egingo ditu, 13:00etan Aitxuri ikastetxeko haurren marrazki lehiaketako sariak banatuko dituzte, 13:30ean ezti lehiaketako sariak banatuko dituzte eta 13:45ean gozoki dastaketa egongo da. Gozokiak doan banatuko dituzte.
Ezti lehiaketan lau sari banatuko dituzte: hiru epaileek emango dituzte eta laugarrena Zegaman bildutakoek.
Haurrentzako ekitaldiak
Arratsaldean ere hainbat ekitaldi egongo da. 16:00etan Erlearen bila orientazio jolasa egingo dute Anduetza parketxean erle eta erlezaintza munduak ezagutzera emateko.
Bukatzeko, 18:00etan bertsolari jaialdia egongo da Aitxuri herri eskolako gimnasioan. Iker Zubeldia zegamarrak, Oihana Iguaranek, Andoni Egañak eta Maddalen Arzallusek abestuko dute. Gai jartzaile lanak Saroi Jauregik egingo ditu. Bertso saio hau Kasino elkarteak antolatu du, Kultura batzordearen babesarekin.