Osinalde sarirako baliagarri hiru proba izango dira, aurten ere: Aztiria, Ordiziako Argi-Berri eta Zaldibiako Osinberde. 18 gaztek kantatuko dute horietan. Azkena apirilaren 22an da, Gabirian
Hemezortzi bertsolari gaztek parte hartuko dute, aurten ere, Goierrin jokatuko diren lau sariketatan. Osinalde sariaren aurreko hiru lehiaketak sailkapenerako erabiliko dituzte, eta bakoitzean seik kantatuko dute.
Lehendabiziko sariketa Aztirikoa izango da, larunbat honetan. Hurrengo larunbatetan jarraian, Ordiziako Argi-Berri (apirilaren 1ean) eta Zaldibiako Osinberde (apirilaren 8an) jokatuko dira. Bakoitzetik bina bertsolari igarota, finala Gabiriako Osinalden izango da, apirilaren 22an, larunbatarekin.
Formatu bera izango dute sariketa guztiek. Lehenengo afaria 20:30ean, eta ondoren —22:30a aldera— bertso-saioa, mahaian bertan, eta sartu nahi duten entzule guztientzat irekia.
Bost goierritar lehian
Urteroko moduan, lurraldetasuna aintzat hartu dute, bertsolariak gonbidatzerakoan. Hamar gipuzkoar, hiru bizkaitar, bi nafar, bi arabar eta lapurtar bat ariko dira, hiru saioetan. Neskak lau bakarrik dira.
Goierrik ere ordezkaritza mantenduko du, iaztik. Eskualdeko bost bertsolarik parte hartuko dute: Eneko Araiztegi segurarrak eta Aratz Igartzabal garbiriarrak Aztirian; Mikel Tapia ataundarrak eta Maialen Akizu urretxuarrak Ordizian; eta Ane Beloki legazpiarrak Zaldibian.
Akizuk eta Araiztegik iaz Osinaldera sartzea lortu zuten. Igartzabal eta Tapia Zaldibian izan ziren; Beloki debutaria da. Aurten 18tik bost dira Goierriko sariketan estreinakoz ariko direnak.
Aztirian, dena prest
Estreinaldirako prest dira jada Aztirian. Afaria eta saioa Aztiri-Bat elkartean izango dira, eta bete egingo da: 60ren batek izena emana dute otordurako. Beste dozena batentzat lekua geratzen da.
Epaileak jende artean egongo dira, hiru. Aurkezle Eresti Oiarbide ariko da.
BERTSOLARI SARIKETAK:
AZTIRIA
· Noiz. Martxoak 25, larunbata.
· Non. Aztiri-Bat elkartean, Aztiria auzoa (Gabiria).
· Ordua. Afaria 20:30ean, eta ondoren bertso saioa.
· Bertsolariak. Eneko Araiztegi (Segura), Aratz Igartzabal (Gabiria), Asier Galartza (Muxika), Oier Etxeberria (Azpeitia), Asier Rubio (Luiaondo), Sarai Robles (Barañain).
ARGI-BERRI (Ordizia)
· Noiz. Apirilak 1, larunbata.
· Non. Argi-Berri elkartea.
· Ordua. Afaria 20:30ean.
· Bertsolariak. Mikel Tapia (Ataun), Maialen Akizu (Urretxu), Maider Arregi (Oñati), Mikel Lasarte (Barañain), Markel Eizagirre (Zarautz), Aitor Servier (Azkaine).
OSINBERDE (Zaldibia)
· Noiz. Apirilak 8, larunbata.
· Non. Osinberde elkartean.
· Ordua. Afaria 20:30ean.
· Bertsolariak. Ane Beloki (Legazpi), Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Unai Mendizabal (Zizurkil), Mikel Retolaza (Busturia), Aitor Bizkarra (Abadiño), Peru Abarrategi (Aramaio).
OSINALDE (Gabiria)
· Noiz. Apirilak 22, larunbata.
· Non. Osinalde elkartean.