Ez da udaberriko lehen feria landare eta lore zaleek nahi bezala hasi eguraldiari dagokionez. Landare eta lore aukera handia, zizak ugaritzen.
Udaberriko lehen feria ez da landare eta lore zaleek nahiko luketen bezala ha- si eguraldiaren aldetik. Martxoan gaude, eta ez da harritzekoa. Duen fama ondo irabazia duk, ez da egonkorra. Halare, martxoko ilbehera hain garai ona izanda, zenbait ereite edo landaketarako galdutzat eman zuten atzoko merkatuko aukera. «Ilbeherarik onena giroak laguntzea zela zioen gure amak», esan zigun Patxi Izagirre Monteseneko landarezaleak, eta horren zain, beraz.
Loreetan, Gineako alegria edo etxeko poza, begonia edota huntza ekartzen hasi dira. Baina oraindik ere ugarituko da aukera. Lore moztuak ere ikusi genituen: tulipana, irisa, anemona eta frisia.
Barazki erakargarriak
Hiru barazki berri eta erakargarriak, elkarren ondoan fresko bezain eder, aurkeztu zituen atzoko ferian Maria Teresa Jauregik: ilarra, tipulina eta baba, leka eta guzti, jateko moduko neurrikoa.
Ilusio handiarekin kontatu zigun Anoetako Mendibel baserriaren berri Jauregik: «Ikustekoa dago gure negutegia, ilarra lore betean, eta belar txar bat ere ez! Zenbat ordu pasatu ote ditudan denak banan-banan kentzen. 50metroko 8 ilara. Erraz esaten da!». Lincoln arrazakoa da Jauregik duen ilarra , altueraz ertaina.
Perretxikoen atalean, berriz, zizak ugaritzen hasi dira, baina ez dira 200 gramotik pasa biltzaile ezberdinek ekarritako sortak. Hala ere, guztira hiru kilo bildu ziren, eta kiloa 150 euroan zen salgai. Kanpotik inguratutako onddoak ere baziren, 10 bat kilo, 35 euroan kiloa.
Arrautzak ugaritzen
Oiloek erruteko bere garaia izaten dutela harritzekoa egingo zaio bati baino gehiagori. Izan ere, urte osoan arrautza eskaintza berdintsua izaten baita, granja eta eragile artifizialak lagun. Hala ere, kanpoan, aire librean eta ziklo naturalari lotuta bizitzeko suertea duten oiloek negualdia pasatu eta otsailetik aurrera hasi ohi dira gehiago erruten, eguraldia lagun. «Kanpoan eta eguraldiaren menpe daudenak hotzarekin edota hankak eta busti ezkero gutxiago jartzen dute, hori nabarmena da» esaten zigun Kontxi Arizaga zaldibiarrak.
Oso abere eskertua eta estimatua da oiloa, eta gertutasun handiz mintzatzen da jendea haiekiko. Usadio eta uste asko ere bada horien inguruan, adibidez: txitoak etxean ateratzearen ohitura gutxitzen ari bada ere, Pello Zabalak
Naturaren mintzoa liburuan jasoa duenez ilberrin koloka jarritako oiloen arrautzetatik oilarrak sortuko omen dira gehienak; ilbeheran, berriz, oilandak. Lekukoek azken hitza!.
Prezioetan erreparatuz, aire librean dabiltzan oiloen arrautzak 3 eta 4,5 euro artean da salgai dozena, ekologiko etiketadunak garestienak. Produkzio handiagoko sailkapenari dagokionez, jantziak bailira: M neurrikoak 1,5 euro, L-koak 1,7 euro, XL-koak 2 euro eta Bolo 2,2 euro, Mutiloako Aitiberkoek esan digutenez.