Ordizian tradizio handia duen kirola da hegats igeriketa, 1983an sortu baitzuten taldea, Gracian Iturriozen eskutik. 10-15 igerilarirekin sortu zen kluba eta gaur, 100dik gora igerilari daude.
Hegats igeriketak, 1960ko hamarkadan sortu zenetik, bilakaera etengabea izan du. Itsasoan nahiz igerilekuan egin daiteke, eta ohiko igeriketak duen helburu bera du: igeri eginez distantzia jakin bat betetzea, ahalik eta denbora laburrenean. Baina kasu honetan, hegatsekin igeri egiten da, batekin edo birekin ere egin daiteke.
Askorentzat,ezezagun izan daitekeen kirola izan arren, Goierrin, Ordizian hain zuzen, bada kirol hori praktikatzen duen talde bat. Ordizia Kirol Elkarteko Urpekoak, 1983an sortu zuen Gracian Iturrizek (Ordizia). Bazuen lehendik ere eskarmentua, Donostiako eta Tolosako taldeekin igeri egindakoa baitzen eta ondoren sortu zuen Ordiziako taldea. Garai hartan, 10-15 pertsonekin hasi zen taldea. Gaur egun, berriz, 115 taldekide ditu klubak, federatuak guztiak.
Espainiako txapelketa
Astebukaera honetan jokatuko da Hegats Igeriketako Neguko Espainiako Txapelketa, Valentzian. OKEUko zazpi igerilari ere bertan izango dira, Euskal Selekzioarekin. Ordiziakoekin batera, Tolosako taldeko beste sei igerilari ere joango dira. Guztira, 140 bat igerilari elkartuko dira asteburuko hitzorduan.
Hiru modalitateetan arituko dira; urazala, apnea eta eskafandra. Ordiziako igerilariek hiru modalitateetako probetan parte hartuko dute.
Beste txapelketa batzuk
Ordizia saria, OKEUk antolatzen duen hegats igeriketa txapelketa da. 2000. urtean hasi ziren; 2013ra arte, proba internazionala zen. 2013tik aurrera, estatu mailako proba bilakatu zuten. Ibilbide luzeko proba da Ordiziako taldeak antolatzen duena, askorentzat ezaguna ez bada ere.
Aurtengoan, Espainiako toki desberdinetako zazpi taldetako 190 igerilarik parte hartu dute joan den asteburuan Majorin jokatutako txapelketan.
Joan den urteko Ordizia sarian, OKEUk sari berezia jaso zuen, azkeneko urteetako ibilbideagatik. Azken zortzi urteetako Espainiako txapelketan, 4×100 metroko eta 4×200 metroko frogetan, podiuma lortu baitu Ordiziako klubak.
Dena den, urtean zehar beste hainbat txapelketatan ere parte hartzen dute; Hego Euskal Herriko eta Aragoiko ligan, Euskadiko txapelketan, Espainiako txapelketan asteburu honetan eta nazioarte mailako txapelketaren batean ere parte hartu ohi dute.
Txapelketez gain, ikasturte hasieran, eskoletara bisitak ere egiten dituzte, gaztetxoek hegats igeriketa ezagutu dezaten eta probatzera animatzeko.