Iazko ibilbide bera izango da, 24 kilometro luzekoa. 200 korrikalarik eman dute izena. Hiruna gizon-emakumeek eta Learregi aldapa azkarren igotzen duenak dute saria
Gabiriako II. Leharrei mendi lasterketa bihar jokatuko da. Goierriko Trail Kopako hirugarren proba izango da. 24 kilometro luze eta 1.300 metroko desnibel positiboa du. Distantzia luzea soilik —trail deritzona— izango du, ez motzik. Karrera 09:30ean hasiko da, eta irabazlea 11:30 inguruan helmugaratzea aurreikusten da (iaz 2:04:53 ordu egin zuen txapeldunak).
Iazko ibilbide bera izango du, aldaketatxo batekin: Otañu gainean aurrerago segiko dute, hurrengo muinoraino; 200 bat metro gehiago dira. Edari postua ere jarriko dute Otañun. Denera zazpi anoa gune dira, bidean sei.
Lasterkari kopuruak sabaia jo du aurten ere, nahiz eta izen-emateak erritmo mantsoagoa izan duen. 200 lagun daude inskribituta; emakumezkoak, 9. Tartean dira iazko irabazle Juanjo Igartzabal aztiriar-zumarragarra eta Laida Elizegi zaldibiarra. Goierri Trail Koparen lider Igartzabal bera dator, gizonetan; emakumeen lider Elena Calvillo ere Gabirian izango da.
Sariak, sailkapen nagusiko aurreneko hiruna gizonek eta emakumeek jasoko dituzte: makila tailatua irabazleei, Leharrei probaren zurezko marrazkia, gazta eta lore sorta bana.
Learregi aldapa deritzona —azken kilometro pikoa, Agerreko askatik kaskora— azkarren igotzen duenak, bestetik, Ternuaren jaka berezia jasoko du. Barrenera 3 orduan iritsi behar da.
Zozketa eta opari gehiago
Partaideen artean, bestetik, hainbat opari zotz egingo dituzte: kaxa bat txakolin, bi lagunentzat marisko jana, ile-apaindegiko bi bonu, gazta, kirol masajea, lau motxila, sei urontzi…
Partaideek dortsala, txipa eta lasterkariaren poltsa gaur (18:00-20:00) edo bihar (08:00-09:00) jaso behar dituzte, Gabiriako kultur etxean.
Korrikalarientzat dutxak Alkainburu frontoian izango dira, mistoak: bertako aldageletakoak eta jarriko duten modulu bat.
Bihar, kotxeen zirkulazioa moztuta egongo da plaza pa-rean, frontoi aldetik bideratuta.