Astelehenean hasiko da, Iruñean. Hirugarren etapan Goierritik pasako dira. Ion Izagirre faboritoetako bat da eta Alex Aranburuk lehenengoz parte hartuko du
Astelehenean Euskal Herriko Itzulia abiatuko da, Iruñetik. Aurtengo edizioan hiru goierritarrek parte hartuko dute: Gorka eta Ion Izagirre ormaiztegiarrek eta Alex Aranburu ezkiotarrak. Hirugarren etapan Goierritik pasako dira: txirrindulariak Udanatik sartuko dira eskualdera eta Mandubiatik irtengo dira. Izagirre anaiak eta Aranburu erronkarako prest dira. Ion faborito nagusietako bat da, Gorkari Alejandro Valverderentzat lan egitea tokatuko zaio eta Aranburuk lehenengo aldiz parte hartuko du Itzulian.
Aranburu ilusioz gainezka dago, noski. «Asko dut ikasteko oraindik eta, gainera, Euskal Herriko Itzulia World Tourreko lasterketa gogorrenetakoa dela diote. Sufritzea tokatuko zaigula uste dut, baina ea zer gertatzen den».
Eskatzen hasita, Ezkiotik pasatzen den etapako ihesaldian sartzea gustatuko litzaioke. Dena den, Itzulian parte hartze hutsa, denboraldiko helburuetako bat betetzea da beretzat. «Nire helburua denboraldia ondo hastea zen, taldeak Euskal Herriko Itzulira eraman nezan. Honekin, denboraldi honetako helburu txikietako bat lortu dut».
Faborito nagusia, Valverde
Faborito nagusia Alejandro Valverde dela uste du. «Oso indartsu dagoela erakutsi du. Dena den, oilar asko daude: Contador, Henao, Izagirretarrak… Gure taldeari dagokionez, Roson eta Pardilla oso ondo dabiltza».
Ezkiotarrak lehen urtea du Caja Rural taldean. «Gustura nabil. Mallorcan 9. postuan sailkatu nintzen eta Andaluziako itzuliko etapa nagusian 16. postuan. Iaz baino hobeto hasi naiz eta horrek morala eman dit».
Itzulia amaitu ondoren, ez daki zein lasterketatan parte hartuko duen. Frantziako Route du Sud-era joatea espero du. Izan ere, oso oroitzapen onak dakarzkio. Iaz, etapa nagusiko ihesaldian sartu zen eta Tourmaletetik lehenengo postuan igarotzeko zorian egon zen. Bestalde, bere taldeak Espainiako Itzulian parte hartuko du. «Hiru asteko itzuliak hitz handiak dira. Oraindik oso gaztea naiz, baina taldeak aukeratzen banau, gustura joango naiz».
Ion Izagirre, berriz, beteranoa da jada. Eta Itzulia irabazteko faboritoetako bat. Bere taldeko liderra izango da. Bahrain-Meridak astebeteko itzulietan taldeburua izateko fitxatu zuen. Gustura dago talde berrian. «Taldea zerotik hasi da eta taldekideok ez genuen elkar ezagutzen, baina dagoeneko elkar ulertzen hasi gara. Etxetik ateratzeko pausoa ematea kosta egiten da, baina taldeko liderretako bat izatea eskaini zidaten eta aukera hori ezin nuen baztertu».
Talde indartsuenetako liderra izanik, Itzulia irabazteko faboritoetako bat da. «Hiru aste eduki ditut lasterketa prestatzeko eta dena ondo joan da, baina lasterketak bakoitza bere tokian jarriko du. Dena den, astebeteko itzuliak dira gehien gustatzen zaizkidanak eta hau, gainera, etxekoa da. Nire ustez, faborito nagusia Valverde da. Ondoren, gainontzeko guztiak gaude: Alaphilippe, Kwiatkowski, Henao, Contador… Lasterketa edozein bide bazterretan hautsi daiteke, baina nire ustez Arrateko etapara arte ez da ikusiko nortzuk diren faborito nagusiak».
Itzulia amaitutakoan, Ardenetako klasikoetan eta Romandiako itzulian parte hartuko du. Ondoren, taldekideak Teidera joango dira entrenatzera, Suitzako itzulian parte hartuko du eta, lehenengoz, Tourrera taldeburu bezala joango da.
Bere anaiari, berriz, gehienetan taldeburuentzat lan egitea tokatzen zaio. Itzulian Valverderentzat lan egingo du. «Nire lana amaierara arte berarekin egotea izango da. Ondoren, lasterketak bakoitza non ipintzen duen ikusi beharko da. Paris-Nizan oso ondo aritu nintzen, baina horrek ez du ezer aldatu. Izan ere, Alejandrok ez du behin ere kale egiten. Urte asko daramatza puntaren puntan eta halako txirrindulari batentzat lan egitea oso esker onekoa da».
Bere ustez, sailkapen nagusia Arraten amaituko den etapan eta erlojupekoan argituko da. Faboritoei dagokienez, Valverderekin batera, Henao, Kwiatkowski, Contador eta bere anaia aipatu ditu. «Anaia ondo ikusten dut. Orain arteko lasterketetan maila ona eman du, baina ez du zorterik izan. Ea etxeko lasterketan zorte gehiago duen. Grina eta ahalmena baditu: besteen pare dago. Lasterketa etxean izateak mesede egiten dio, errepideak ondo ezagutzen baititu».