CAFen 100. urteurrenean Andres Arizkorreta presidente exekutiboak hitzaldia egin du. Etorkizuneko erronkak izan ditu hizpide. Enplegua sortuko duela iragarri du
Igartzako jauregia jendez gainezka zela, eta kanpo aldean Madrilgo CAFeko langileen protesta mezuak entzungai zirela, Andres Arizkorreta CAFeko presidente exekutiboak Beasaingo Fabrika Handiaren etorkizuna izan zuen hizpide ostiralean Lemniskata elkarteak antolatutako hitzaldian. Ehungarren urteurrenari erreferentzia eginez, CAFek «mende bat etorkizuna eraikitzen» daramala gogoratu zuen Arizkorretak: «Etorkizuneko proiektua iraunkorra eta jasangarria eraikitzea da CAFen erronka, pertsonetan oinarritutakoa; orain aldiko distirak baino garrantzia handiagoa du horrek guretzat».
Azken 20 urteetan aldaketa handia ezagutu du Beasainen «burua eta bihotza» dituen Fabrika Handiak. Batetik, trenak egitetik, garraio zerbitzu integrala ematera pasa da CAF. Bestetik, 1980eko hamarkadan trenen %85 Espainiako Estatuan saltzen bazituzten ere, gaur egun munduko 22 herrialde desberdinetako 47 proiekturekin ari dira lanean, lau familiako produktuak eskainiz: abiadura handiko trena, aldirikoak, metroa eta tranbiak. Hori guztia, «pertsona kualifikatuekin eta anbiziotsuekin» lortu dutela nabarmendu zuen: «8 lantoki eta 14 filialek osatzen dugu CAF; 7.537 pertsona gara». Beasaingo lantegian izandako langile kopuruaren hazkundea nabarmendu nahi izan zuen: «Beasainen 1992an 1.739 pertsona ari ginen lanean, gaur egun, 2.437 gara».
Abiada bizian
CAFek «hazten» jarraitu nahi du etengabe, hazteko hiru helburu jarrita: tren gehiago egitea eta saltzea, zerbitzu eta negozio gehiago eskaintzea, eta digitalizazioari aurre hartzea. Era horretan, berrikuntzan eta garapenean inbertitzen jarraituko du CAFek, «izugarrizko iraultza digitala» baitago. Berrikuntzaren eta garapenaren alorrean seinalizazio sisteman (etorkizuneko trenak automatikoak izango dira), energiaren biltegiratzean (katenariarik gabeko tranbia, adibidez) eta trenaren digitalizazioa (trenetan sensoreak jarri eta informazioa jasotzea) dituzte erronka. «Trenaren 30 urteko bizitzaren kostuan jarri behar dugu indarra. Izan ere, guk lehiaketak galdu ditugu kotxeetan preziorik onenak izanagatik, trenaren bizitzako kosturik onena ez genuelako». Ildo horretan, bezeroek egindako balorazioa ere oso kontuan hartzen dute CAFeko ordezkariek: «Bezeroek 7ko nota ematen digute batez beste, oso ongi bat da, baina guk bikaina lortu nahi dugu».
Europako herrialdeetan lekua egiten ari da pixkanaka CAF: Europan %40 eta AEBetan, %24 saltzen du. «Lehengo dibisioan gaude, eta exijentzia maila ere gero eta handiagoa da». Asiako merkatuan ere lekua egin nahi dutela azaldu zuen Arizkorretak. Goierrin eta Beasainen CAF enpresari Fabrika Handia deitzen bazaio ere, lehiakideen artean «txikiena» dela gogoratu du: Siemens CAF baino sei aldiz handiagoa da eta Alston, bost aldiz handiagoa. Era berean, finantza egituraketa berrietara egokitzea ere beharrezkoa da Arizkorretarentzat, bere sektoreko enpresekin lehiatu ahal izateko.
Enplegua sortuz
Azkenik, CAFen «enpleguari lotutako ziklo berria hasi» dela iragarriz amaitu zuen Arizkorretak hitzaldia, «enplegua sortuz eta aberastasuna sortuz eta banatuz». Epe motzean, 93 ingeniari kontratatzeko asmoa dute; «Lanbide Heziketako ikasleek ere, formazio maila ona baldin badute, izango dute lekua CAFen», aurreratu zuen. Dena den, garbi utzi nahi izan zuen eskualdean hazteko ezinbestekoa dela «globalean» haztea: «Europako azken kontratuekin Beasainen ere zuzeneko lanpostuak sortuko dira».