2016 urteari dagokion errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko udalek. Uemako udalerriek ere kanpaina abiatu dute
2016 urteari dagokion errenta aitorpena apirilaren 18an hasi eta ekainaren 26an bukatuko denez, Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko udalek
Aitorpena euskarari kanpaina aurkeztu zuten atzo Beasaingo udaletxean, «errenta aitorpena ere euskaraz eginez, arlo honetan ere euskarari aitorpena egiten diozu» aldarrikatzeko. 2009tik ari dira euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua hazteko helburua duen kanpainarekin. Hiru udalerrietan etxez etxe esku orriak banatu dituzte aholkuak emateko; errenta aitorpena egiteko terminoen hiztegia ere badu esku orriak. «Horrekin batera, udaletako Euskara zerbitzuak errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri dira eta kanpainarekin bat egiteko eskatu diete», argitu zuen Leire Artola Beasaingo zinegotziak.
Pixkanaka goraka
Joxi Iturrioz Ordiziako zinegotziak eman zituen datuen arabera, «aipatzekoa da, azken zazpi kanpainetan portzentajeak hiru udalerrietan bikoiztu egin direla eta Lazkaon, esaterako, lau herritarretik batek euskaraz egiten duela errenta aitorpena». Artolak gaineratu zuenez, «euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi bada behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak ematea; hau da, bakoitzak hizkuntza hautatzeko duen aukeraz baliatzea».
Hiru modutan euskaraz
Gaur egun errenta aitorpena egiteko hiru modu daude, eta hiruetan erabil daiteke euskara. Autolikidazio proposamenaren kasuan, jasotako proposamena onartzerakoan, «euskaraz egin nahi duzula jakinarazi behar da eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidali dizkizu». Mekanizatua egiterakoan, hitzordua hartzerakoan adierazi behar da Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla. Internet bidez egiten dutenek, azkenik, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar dute Internetik, eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu. Aholkularitzaren bat aukeratzen bada, espresuki adierazi beharko da aitorpena euskaraz egin nahi dela. Beste modu batean eginez, gero (finantza erakunde baten bidez, adibidez), euskaraz egiteko eska daiteke.