Zizak asko ugaritu dira; barraskiloak biltzen aritu denik ere bada. Usadioko otorduetarako gai aproposak apirileko azkeneko ferian.
Gasteizen ohikoa dute ziza eta barraskilo nahasketa, Beasainen ere karakol jana egin ohi dute festetan. Oso puntako erreakzioak sortzen dituen jana dela ezin ukatu, amorratuta jatetik atzera emateraino. Biltzeak bere lana badu, baina baita prestaketak ere. Ordizian atzo salgai ziren, kiloa 8 euroan. Eta kanpotik ekarria baldin bada ere, udaberriko ziza garaian bete-betean sartu garela esan genezake. Atzo asteroko Lasaz gain, Garbiñe Barandiaran Gasteiztik etortzen hasi zen ziza eta onddoekin, eta bien artean guztira 200 kilo ziza baziren, kiloa 25 eta 60 euro artean. Eta onddoak, berriz, 45 kilo, kiloa 20 eta 38 euro artean.
Barazkietan bi azpimarratuko ditugu. Alde batetik, udaberriko aza edo
errepoilo esanez ezaguna dena (1,5-2 euro bakoitza). Ana Otegi Aramako Ostatuko sukaldariak intxaurrekin prestatu eta eskaini zuen, gaztaren hilabeteari bukaera emanez. Eta bestetik, bitarteko porrua (1,5-1,8 euroan sorta). Honen berezitasuna da, izenak dioen moduan, urteko porrua bukatu eta berriz hasi artekoa dela alegia. Aldatu eta laster, bizpahiru hilabetera jateko prest izan ohi den porrua da; fresko eta fin jaten da laster garatzen baita, barnea zurtoin bilakatu eta hazitarako bidea hartuz, baina ez jateko.
Loretan, etxeko poza edo
alegria sinplea hasi da 1,10 euroanbakoitza eta tagete izenekoa ere bai, prezio berean. Hau 30 motatik gora dituen lorea da, eta izena hain ezaguna ez bada ere, asko ikusten da gure lorategietan.
Kanpoko gereziak hasi dira
Hemengo gereziak jateko oraindik aste batzuk itxaron beharko dugu eta ziur prezio normala-goan hasiko direla. Zaragoza-koak ekartzen hasi dira fruta saltzaileak 12 eta 18 euroan kiloa. «Maiatza ondo sartuta hasiko dira gureak ondo bidean» esan digu Gabiriako Oñatibi Txiki baserriko Miren Agirrezabalak gereziak aipatuta. Oraindik ere hiru sagar klase ditu aukeran, erreineta grisa,
granny smith eta
idared motakoak hain zuzen ere. Eta gerezien inguruan pasarte bitxi bat ere bai: «Gereziak gorri zeudela elurra mardul-mardul nola botatzen zuen ikusita nago ni», Orendaingo Pepita Aiestaranek kontatu digu, bere baserrian bizi izandakoa duela 60 urte inguru.