Bihar KKinzona irratiaren eguna ospatuko dute Urretxuko gaztetxean
Bihar KKinzona Eguna ospatuko dute Urretxun. Aurtengo festa berezia izango da, KKinzona irratiak 10 urte bete baititu. Irratsaio tailerra, iragarki lehiaketa, bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte.Festa 11:00etan hasiko da, irratsaio tailer batekin...
Festa 11:00etan hasiko da, irratsaio tailer batekin. Nahi duten guztiek irratsaio bat nola egiten den ikasiko dute eta ondoren ikasitakoa praktikan jarriko dute. Iragarki lehiaketa bat ere egongo da. Onenek sariak jasoko dituzte.
Kontzertuei dagokienez, Lehenengoa 12:00etan hasiko da. Peruk bere disko berria aurkeztuko du. Ondoren, bazkaria egingo dute. Bazkalostean, Furor 2.0-koek «kantaldi alternatibo zoroa» egingo dute.
22:00etatik aurrera, berriz, hiru taldek joko dute: Inoren Ero Ni, Borrokan eta Txost! Azken talde hau Urretxu eta Zumarragan bizi den jendeak sortu du eta bihar emango dute lehen kontzertua.
KKinzona irratikoek egun onak bizi dituzte. Izan ere, 10 urte betetzeaz gain, seinalea Legazpira heltzea lortu dute. Bideo bat prestatu dute hori ospatzeko eta otamotz.eus webgunean ikus daiteke. Legazpi konkistatzeak hori eta gehiago merezi du. Bide batez, legazpiarrei KKinzonan irratsaioak egiteko gonbitea luzatu diete.
Irrati hau FMko 98.0-an entzun daiteke Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Ezkio, Gabiria eta Ormaiztegin. Kkinzona.eus webgunean ere entzun daiteke.