Aralarko pistak
[GUTUNA] –Aloña Jauregi eta Koro Irazustabarrena (Landarlan Ingurumen Elkartea). Goierri.
Fermin Imazek egunkari honetan idatzitako
Aralarren zergatik ez biderik? gutunari erantzunez, esan Gipuzkoako Aralar zatia Parke Naturala dela eta lege-dekretu batek, Aralarko Natur Baliabideen Antolamendu Plana izenekoak, arautzen duela bertako jarduera guztia. Horregatik, Aralarren gauzatzeko egitasmo den-denak Natura babestearen helburupean egon behar dute derrigorrez, hau da, ezin da jardunbide bat onartu Aralarren bertako natura-ondarea zaintzearen kontra badoa.
Iaz egindako pista legez lurzorua mugitzea debekatuta dagoen mendi babeslean eraiki da, lurzoru azalera handi bat betiko galduz. Lurzorua funtsezko natura-ondarea da eta berritu ezin litekeen baliabidea, eta Aralarko Parke Naturaleko legeak babesten du; lurzorua galarazten duen obra bat onartezina da, nahiz eta Enirio-Aralarko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako zuzendari orokorrak baldarkeria hau egitea ahalbidetu modu arduragabean.
Aralarko pisten auzia Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzaren eskuetan dago une honetan, lege haustearen zantzuak ikusi dituelako.
–Aloña Jauregi eta Koro Irazustabarrena (Landarlan Ingurumen Elkartea). Goierri.