Castilloko bidegurutzea biribil bihurtuko du aldundiak, irailean
Gipuzkoako Foru Aldundiak Olaberriko Castillo hotelaren alboko bidegurutzea birmoldatuko du. N-1eko sarbidearen eta Gi-2632 errepidearen arteko lotura biribilgune bihurtuko du. Atzo aurkeztu zuen proiektua Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oi...
Gaur egun sortzen den «korapiloa» erraztu eta ordenatuko du errotondak. Obrak irailean hasiko dituzte, eta urte bukaerarako amaitzea da asmoa (2,5 hilabeteko epea). Zirkulazioa ez dute guztiz moztuko, lanen garaian. 383.330 euroko aurrekontua du (BEZa barne), eta lizitazio fasean dago prozesua orain.
Biribilguneak 30 metroko kanpo-diametroa izango du; eraztuna, errei bakarrekoa eta 9,5 metro zabalekoa. Hiru bide-adar aterako dira handik: Beasain aldera, Olaberria/Ihurre aldera, eta N-1 aldera. Erdian «detaile» bat kokatuko dute, apaingarri gisa. Drenaia, argiteria eta seinaleak ere berrituko dituzte. Bikain-Volvo-Autowag industrigunerako sarrera errotondatik kanpora geratuko da.
Aspaldiko eskaera
Jokin Garmendia alkateak «aspalditik» egiten ari ziren eskaera dela esan du, Olaberriko eta Beasaingo sarbide nagusietakoa delako. 2010etik proiektua martxan jarrita zegoen.
Oiarbide diputatuak obra garrantzitsua izango dela aurreratu du, «eguneko ordu guztietan zirkulazio handia dagoelako».