'Ekaina kirolez blai' egitasmoak lehengo Kirol asteari hartuko dio erreleboa. Hurrengo ekitaldia, fitness-aren inguruko solasaldia izango da. Axari Trailerako izen ematea ireki dute dagoeneko
Kirola izango da Idiazabalen protagonista nagusia hilabete osoan zehar,
Ekaina kirolez blai egitasmoari esker. 2012an hasitako Kirol asteari hartzen dio erreleboa. Egitasmo berrituak, astebetean biltzen ziren ekitaldiak, hitzaldiak, txapelketa eta erakustaldiak besteak beste, hilabete osoan zehar banatuko ditu.
Kirol modalitate desberdinak herritarrei gerturatzea da
Ekaina kirolez blai egitasmoaren helburua, Igor Ariztimuño kirol zinegotziak adierazitakoaren arabera. Horregatik, «kirol guztiei ematen zaie aukera; saskibaloiari, tenisari, fitness-ari, pilotari eta beste hainbat eta hainbati».
Aukera ugari
Hilaren 2an eman zioten hasiera kirol egitasmoari, Idiazabalgo lehenengo alebinen esku pilota txapelketarekin. Hilaren 9an, etzi, jokatuko da bigarren kanporaketa, 16ean hirugarrena, 23an laugarrena eta 30ean jokatuko dira finalak.
Goierri inguruan oso ezaguna ez den fitness-ak ere izango du bere tokia. Jon Aranburu (Idiazabal, 1993) maiatzaren 27an Gernikan jokatu zen Euskadiko fitness txapelketan laugarren tokian gelditu zen. Harekin batera Erik Diez eta Aitor Alfonso entrenatzaile pertsonalak, solasaldia egingo dute udaletxean ostira-lean, 19:00etan.
Abel Barriola pilotaria.
Argazki rallya da antolatu duten beste ekintzetako bat. Honakoa, hilaren 10ean burutuko da. Hitzordua 09:00etan izango da, herriko plazan. Hilaren 30ean, berriz, rallyko argazkien erakusketa eta sari banaketa egingo dute. Igandean, berriz, hilak 11, San Adrianen erromeria ospatzen da. Hori dela eta, mendi ibilaldia antolatu dute egun horretan San Adrianera. 09:00etan aterako dira autobus geltokitik.
Abel Barriola pilotariak eta Ane Mintegi tenislari idiazabaldar gazteak, bestalde. hitzaldia emango dute hilaren 13an. Kirolean beteranoa da bata eta hasi berria bestea. Euren esperientziak elkarbanatuko dituzte hitzordura agertzen direnekin,
Horiek guztiaz gain, Gari Garmendiaren pisu jaurtiketa erakustaldia, 3×3 saskibaloi txapelketa, futbol sailekoen festa eta Jose Luis Alustizaren hitzaldia izango dira, besteak beste.
Axari Trailen izena ematea
Axari Trail Mikel Garmendiaren Memoriala irailaren 10ean izango da aurten eta mendi lasterketarako izena emateko epea ireki dute jada antolatzaileek. Aurtengoa bosgarren Axari Traila izango da, eta bi ibilbide egongo dira aukeran, luzea eta motza. Ibilbide luzeak 25,4 kilometroko luzera du, eta motzak 16,4 kilometrokoa.
Bi probetarako izen-ematea
kirolprobak.com webgunearen bidez egin behar da, eta aurreko edizioetan bezala, parte hartzaile kopurua mugatua izango da.