Azalpenak herri kirolen inguruan
GUTUNA – Aitor Aldasoro (Beasaingo Udala)
Loinatz jaietako zortziurrenean, herri kirolen jaialdia hain baldintza txarretan burutu izanaren kexuari erantzunez udalak zenbait argibide eman nahi ditu.
Eguraldi iragarpenek euria iragarri zutela eta, udaleko arduradun bat herri kirol jaialdiaren antolakuntzako ordezkari batekin harremanetan jarri zen eta Gernika pasealekuko frontoiaren iskin batean egurrak uzteko aukera eskaini zion. Honen aurrean eguraldiak hobera egingo zuela eta ahal bazen kanpoan egitea erabaki zuten. Eguraldi txarrak jarraituz gero, materiala eraman beharko zela frontoira eta 19:30ean hastea ere (19:00etan zegoen iragarrita) ez zela arazo izango gehitu zuen.
Goiz erdian, udaleko arduradun berak, antolakuntzakoekin hitz egin zuen eta frontoian zeuden ekintzak 18:30erako amaituko zirela (dantzariak goizez eta pailazoak arratsaldez) eta egurrak han edukiz gero, bertan egiteko modua bazegoela esan zien. Erantzuna, frontoian sartzea eta ondoren egurra jasotzea nekezagoa eta desegokia zela izan zen. Halere, udalak frontoia eskaini arren, 18:30ean oraindik (19:00etan zen hastekoa herri kirolen saioa) erabakia hartu gabe zeukaten antolatzaileek.
Ulertzen da, bai hala bai kanpoan egin nahi zutela ekitaldia, frontoian egurra sartu-irtenean ibiltzea izugarri kostatzen delako.
Hargatik aipatu, udalak eskaini zuela ekitaldia burutzeko aterpea eta eskura zituen baliabideak ere jarri zituela baldintza egokietan burutu zedin. Goizetik egurra gordeta edukitzeko eta frontoiko ekitaldiak 18:30erako amaitzen zirenez ondoren herri kirolei txanda emateko. Gauzak horrela, udalak ulertzen du antolatzaileek hartutako erabakiarekin aurrera egin behar izan zutela.
Azkenik, egun horretan la-nean jardun zuten kirolari guztien jarrera eta profesionaltasuna txalotu eta goretsi nahi du udalak. Eta antolatzaileei ere esker ona adierazi, oztopoak oztopo herri kirolak bizirik mantentzeagatik eta maila goreneko kirolariak Beasainera ekartzen jarraitzeagatik. Udalak bere aldetik akatsak zuzendu eta herri kirolen alde ahaleginean jarraituko duela adierazi nahi du.
– Aitor Aldasoro (Beasaingo Udala)