Agintaldiaren lehenengo bi urteetako balorazioa egin du Ordiziako udal gobernuak. Gutxiengoan gobernatzea «zaila» izan bazaie ere, proiektu «ugari» atera dituzte aurrera bi urteotan
Ordiziako udal gobernuak, EAJ eta PSE-EE alderdiek osatutakoa, legealdiaren lehenengo bi urteen balorazioa egin du. Jose Migel Santamaria alkateak, taldearen izenean, Ordizia hobetzeko lanean duten «konpromisoa eta ilusioa» nabarmendu ditu, «gutxiengoan gobernatzea zaila izan bada ere».
Agintaldiaren bi urteotan egindako «aurrerapenak» ere zerrendatu ditu Santamariak eta horrez gain, datozen hilabeteetan zehar abian jarriko dituzten lanak ere aipatu ditu.
Herritarren parte hartzea
Udal gobernuaren erronketako bat «ordiziarrei zein hondakin bilketa sistema nahi zuten galdetzea izan zen» Santamariaren hitzetan. Kontsulta prozesua jarri zuten martxan Hondakin mahaiaren bidez. Herritarrek aukeratutakoa «errealitate» bihurtu zutela esan du alkateak.
Dena den, hondakinen inguruko galdeketa ez dela bakarra izan azaldu du. Santamariak esandakoaren arabera, «auzoetako beharrak ezagutzeko kalera atera gara, jasotako proposamenak aztertu ditugu eta horiek aurrekontuetan isladatzeko saiakera» egin dugu». Horrez gain, boluntarioen partaidetza ere sustatu dute. «Talde eragile, elkarte, kirol talde interesdunei, Ordizia definitzeko ahotsa» eman diete.
Plan orokorra
Hirigintza proiektu «garrantzitsuak» burutu direla ere nabarmendu du Santamariak. Legealdi hasieran Garbigunearen jarduera eta obra erregularizatzeko lana eta Upabialdeko eta CAFeko lanak hasi dituztela aipatu du.
Gobernu talde honek «plan orokorra berrartu» duela nabarmendu du. «2016tik planaren aurrerapena prestatuta» dagoela ere esan du eta irailean, «herritarrekin partaidetza eta informazio prozesu bat» abian jarriko dutela aurreratu du.
Era berean, azkeneko bi urteetan «auzo eta kaleetan hobekuntza lan ugari» egin direla ere argitu zuen.
Gizartea eta garapena
Baina herrian egindako lanak bakarrik ez, gizarte zerbitzuen sistema ere «hobetu» nahi dutela adierazi du Iñaki Dubreuilek. Laster aurkeztuko den gizarte zerbitzuen udal plan estrategikoa «horretarako» egin dela esan du eta droga mendekotasunari aurre egiteko, orain aste gutxi, «adikzioen lehenengo udal plana» aurkeztu zutela gehitu du.
Ekonomia eta enpleguari dagokionez, Ekimena egitasmoaren bigarren edizioa jarriko da abian eta, azkenik, «turismo posizionamendua hobetu» egin da eta Goierri eskolaren ondoan «enpresen inkubategia» jarriko da martxan.