Igartza Musika zikloaren uztailetik abendura arteko programazioa prest dago
Hamaika kontzertu antolatu dituzte. Uztailean Asier Lopez Iraola eta Jimmy Muelles beasaindarrek diskoa aurkeztuko dute Igartzan. Abuztuan txalaparta eta flamenkoa uztartuko dituzteMusikarien erreferente bilakatu da dagoeneko Beasaingo Igartza Musika Z...
Hamaika kontzertu antolatu dituzte. Uztailean Asier Lopez Iraola eta Jimmy Muelles beasaindarrek diskoa aurkeztuko dute Igartzan. Abuztuan txalaparta eta flamenkoa uztartuko dituzte
Musikarien erreferente bilakatu da dagoeneko Beasaingo Igartza Musika Zikloa. 2016an 3.000 ikus-entzule gerturatu ziren kontzertuetara eta 2017ko lehenengo sei hilekoan dagoeneko 1.000tik gora dira kontzertuetara hurbildutakoak. Uztailaren 14tik abenduaren 17ra antolatu dituzten estilo desberdinetako kontzertuekin, jende berria gerturatu nahi dute Igartza Musikara.Bertakoaren eta kalitatearen aldeko apustua egiten jarraitzen dute egitaraua osatzeko garaian. Era horretan, uztailaren 14an Asier Lopez Iraola piano jotzaile beasaindarra izango da Igartzan; 21ean Tenpora taldea, eta 28an Jimmy Muelles bakarlari beasaindarra. Abuztuan kontzertu bakarra izango da, txalaparta eta flamenkoa uztartuko dituen Berriketan taldea. Irailean, Khami musika proposamena aurkeztuko dute Kike Arzak, Iñaki Salvadorrek, Iraide Ansorenak, Carlos Sagik, Garikoitz Mendizabalek eta Luis Gimenezek.
Jazpanarekin elkarlanean
Urrian, Jazpana Festaren aurreko kontzertu gisa, Elena Setien eta Grande Days ariko dira eta Tolosako Abesbatzen lehiaketako parte hartzaileen kontzertuan, aurten Argentinako Ensamble Vocal Camara XXI izango da. Azaroan Igartza Bekako kontzertu laburrak eta Ainhoa Garmendiaren, Andoni Egañaren, Pello Ramirezen, Garikoitz Mendizabalen eta German Ormazabalen Artxipielagoa emanaldia izango da.
Abenduan, azkenik, Alizia musikala familiei zuzendua eta Loinatz Abesbatzaren Eguberrietako kontzertua izango dira.