Beasainen Mugitu Zaitez taldea sortu da, osasuna mugimenduaren bidez sustatzeko helburuarekin. Gaur, hitzaldia egingo dute Beasaingo udaletxean. Irekia eta doakoa da.
Mugimenduak osasun fisiko eta mentala esan nahi du. Gure egoera fisikoa, gure animoa eta besteekiko harremana hobetzeko mugitzen gara». Adierazpen eta filosofia horretatik abiatuta, Mugitu Zaitez taldea sortu berria da Beasainen. Gaur egingo dute elkartearen aurkezpena eta lehenengo hitzaldia, 18:00etan, Beasaingo udaletxeko batzar aretoan.
Osasunaren oinarri, mugimendua edo jarduera fisikoa izatea bultzatu nahi du elkar-teak. Era horretan, «osasuna mantentzeko mugimenduak duen garrantziaz konturatzen» lagundu nahi die beasaindarrei. Era berean, «baliabide ekonomikorik ez duten herritarrei mugimendu-terapietara hurbiltzeko» aukera eman nahi die, «beti ere helburu prebentiboarekin eta errehabilitatzaileekin», zehaztu dute taldekideek.
Hitzaldia gaur udaletxean
Helburu horiek lortzeko hitzaldiak eta tailerrak antolatzeko asmoa dute. Gaur izango da lehenengoa,
Aurkitu osasunaren elixirra hitzaldia
. Sabina Zivec Maciel kirol zientzietan izentziaduna eta Leire Ezkurra dietista-nutrizionista izango dira hizlari. Doakoa eta irekia da hitzaldia.
Jarduera fisikoak eta elikadura egokiak zure bizitza luza dezakete? galderari erantzuten saiatuko dira gaur bi adituak.
Onura ugari
Mugitu Zaitez taldeko kideek emandako datuen arabera, era jarraitu batean jarduera fisikoa egiteak, besteak beste, «adimena %15era arte handitzen du, errendimendu akademikoa hobetzen du, gogamen-egoera positiboak sustatzen ditu eta gaixotasunak prebenitzen ditu». Guzti horiez gain, «sexu jarduera hobetzen du, eta desioa handitzen» duela era nabarmendu dute.
Azken batean, sortu berria den Mugitu Zaitez taldeko kideen esanetan, bai jarduera fisikoak eta bai elikadura egokiak, «zure bizitzari urteak gehitzen dizkio, eta kalitatea handiagokoak izango dira».
Parte hartzea
Beasainen sortu berria den proiektua aurrera eramateko «arlo honetan interesa eta helburuak lortzeko gogoa duten pertsonen parte hartzea beharrezkoa da». Horretarako, eta elkarteari buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero edo eta bazkide egiteko,
mugituzaitezbeasain@gmail.com posta elektroniko bidez jar daiteke harremanetan elkartearekin.