Uda hastearekin batera hasi da atzoko ferian mugimendua. Barazki, fruitu, landare eta lore berriz betea agertu da. Mikologiaren atalean udaberriko zizak agurtzen hasiak dira.
Beroa hitzetik hortzera ibili zen atzoko azokan. «Lehen Sevillan eta Jaenen eta horrelakoetakoa iruditzen zitzaiguna orain gurean dugu», tertulia giroan entzuten genuen; baita «belardiak ere egundoko beroa botatzen zuen, makinaren ondoren hondarrak biltzera joan ginenean» ere; edota «kito! gure intxaurrak beroa botatzen ari da eta baita sagar asko ere» zioen Maria Jesus Oriak esate baterako. Eta biziaren ironia balitz bezala, ondotik Kontxi Arizagak zera zioen: «Gurean, berriz, izotzak hondatu zituen intxaurrak, ia alea hartzen hasita baitziren; eta aldatu berri nituen leka landareak beltz-beltz eginda utzi zituen, eta geratu zirenak ezin indarra hartuaz». Kontuak kontu, atzo 07:30ean 21 gradu ziren Ordiziako plazan, udari ongi etorria eman orduko.
Atalez atal aipamena eginez, frutetatik hasiko gara. Zurutuzatarren postuak izan dira fruta berrien kokagune: batetik, aran horia, kiloa 1,5 euroan, Ataungo Zurutuza ahizpen postuan; bestetik, andere mahats beltza ere bai, kiloa 12 euroan, Aramako Zurutuzatarrenean.
Barazkietan, berriz, zerrenda luzea da: lehenengo berenjenak, negutegikoak, kiloa 3 euroan, Monteseneko Arantxa Iparragirrek aurkeztu zituen; piper morroa, berdea oraindik, Patxi Arizmendi aramarrak, kiloa 4 eu-roan. Aire libreko batzuk ere hasi dira: kalabazin berdea eta zuria, kukuluak, uraza berriak eta erremolatxa. Aukera nabarmen handitzen ari da asterik astera.
Landareak, aurrera begira
Udan sartu orduko udazkena prestatzen hasi behar. Hala gertatu ohi da landareekin, beti aitzindari, urtaro batetik hurrengoari neurria hartzeko prest. Ondo bidean udazkenen jateko prest egongo diren barazkien landare sorta ederra dagoeneko prest dago, hala nola, brokolia, bruselaza, kale aza eta eskarola lisoa edota kizkurra. 12 euroan ehuneko sorta. Azalorea eta romaneskua. aldiz, 15 euroan sorta.
Loreetan erreparatuz, gladiolo sorta deigarriak zituen salgai, kolore bizi eta ederrekoak, sorta 5 euroan, Aramako Arantxa Zurutuzak. Lore bizia oraindik ere ondo saltzen ari da, geranioa eta huntza batez ere; aurtengo denboraldiaz, oraindik bukatu ez bada ere, bilan baikorra egingo dutela dirudi.
Mikologia atalean aukera
Udaberriko zizak oraindik ere bai, onena emandakoa gehiena, baina 40 bat kilo baziren aukeran; beste hainbeste zizahori, onddo asko, 150 kilo, eta gorringo eta gibelurdin gutxi batzuk.
San Joan atariko feria, udako lehenengoa, aberats etorri dela ezin uka.