San Joan jaiak, bete-betean
Seguran eta Olaberrian herriko jai nagusiak izan dituzte, baita Ordizia, Beasain, Legazpi eta Ataungo hainbat auzotan ere. Urretxun erromeria egin dute, Santa BarbaranUdako lehen asteburua bero-beroa izan da Goierriko hainbat herritan. Ez eguraldiagati...
Seguran eta Olaberrian herriko jai nagusiak izan dituzte, baita Ordizia, Beasain, Legazpi eta Ataungo hainbat auzotan ere. Urretxun erromeria egin dute, Santa Barbaran
Udako lehen asteburua bero-beroa izan da Goierriko hainbat herritan. Ez eguraldiagatik bakarrik, San Joan jaiak izan dituztelako baizik. Seguran eta Olaberrian herriko jai nagusiak ospatu dituzte, eta beste hainbat herritako auzotan ere ez da jai girorik falta izan. Ordiziako Otegi-enean, Beasaingo Ezkiagan, Ataungo Arrondon, Legazpiko Telleriarten eta Urretxuko Santa Barbaran izan da festa, besteak beste.Seguran San Joan bezperan hasi zituzten festak, baina kuadrillen eguna izan zen parrandarako egunik handiena. Larunbatean, urtean zehar nabarmendu diren kirolariei omenaldia egin zieten. Futbolean eta atletismoan titulu ugari lortu dituzte Segurako kirolari gazteek; helduenak, berriz, bola jokoan nabarmendu dira. Ondoren, herri kirol saioa izan zen, eta jendetza bildu zen plazan. Igandean, umeen krosarekin eta danborradarekin bete zuten txikienek eguna. Toka, bola eta sokatira txapelketa herrikoiak ere jende ugari erakarri zuen. Herritarren umorezko antzezlanarekin eta zopa pertzaren igoerarekin bukatu dira aurtengo festak.
Olaberrian Gipuzkoako Itzuliko bigarren etapa jokatu zuten larunbatean; Oier Lazkano izan zen azkarrena helmugan. San Joan pilota txapelketako finalak atzeratuta hasi ziren, bezperan gaztetxo batzuek su-itzalgailua frontoian hustu zutelako. Arratsaldean herri kirol saioa izan zuten, eta gauean su-festa. Jaiak bukatzeko, umeentzako goitibeherak eta sagardo dastaketa egin zituzten igandean.
Erromeria Santa Barbaran
Herriko jai nagusiak ez diren arren, San Joan egunez festa handia egiten dute urtero Urretxuko Santa Barbaran. Aurten ere, hainbat kuadrilla eta lagun talde joan dira, goizetik iluntzera arte, egun pasa ederra egitera.
Goizean, Irimoko Igoera egin zuten, eta aurten, Mikel Zabalegi ordiziarra eta Maddi Mujika urretxuarra izan dira irabazleak. Lurra dantza taldekoen saioa eta herri kirolak izan zituzten gero, eta bazkal ondoan, erromeria.