Haurren udako oporrak hasi direneko markak: beranduago hasten da mugimendua eta udako aisialdiko taldeen bisitak hasi dira.
Fruta arbolei aipamena eginez hasiko dugu aste honetako kronika. Izan ere aurtengoa aparte denekoa askori entzun baitiegu. «Gerezi arbolari hainbeste gerezi sekula ez diot ikusi, bero horiekin egun batetik bestera pasatu badira ere», Ordiziako feria kuttun duen Loren Aristimuño segurarrak zioen; edota «sagar eta txermenetan ez dut ezagutu horrelakorik, haizeak asko bota ditu, lurra estaltzeko adina, baina halere arbak jarri eta jarri ari gara pisuarekin adarrak hautsiko ez badira», Pepita Aiestaran orendaindarraren hitzak. Aran arbola bete-beteak ere ikusten dira,eta salgai bi mota daude oraintxe, berdeak eta gorri txikiak. Sagarretan, orain arteko sanjoan sagar berdeari sanjoan sagar gorria erantsi behar; salgai zituzten atzo Ataungo Zurutuzutarrek, kiloa 1,5 euroan. Poliki-poliki sagar mota berriak ekartzen hasiko dira saltzaile ezberdinak. Ikusi behar hemendik aurrera ere eguraldia lagun dutenak bere ontze puntu egokira iristen diren.
Patata eta leka mota berriak
Lehen babarrun txuri freskoa salgai, 10 euroan kiloa, leka eta guzti. «Negutegikoa da, bai, eta babarrun beltza ere aurten negutegian erein dugu parte bat eta, ondo bidean, ea laster ekartzeko moduan dugun» adierazi digu Maria Teresa Jauregi Anoetako Mendibelekoak. Lekak dira ugaritzen ari direnak nabarmen, aire librekoak ekartzen hasi dira hainbat ekoizle eta mota berri bat ere aurkeztu du Maria Jesus Oria Itsasokoak, borobila hain zuzen ere, kiloa 4 euroan. Hau beti merkexeago saldu ohi da. Hemen ez da hain ezaguna, aldiz ipar Euskal Herrian baratze guztietan horixe erein ohi da; hemen leka zabala da estimatuena, (kiloa 6-7 euroan), eta horien artean laster hasiko den igitai motakoa.
Bestalde, patata gorria ekarri du Baliarraingo Edurne Jauregik: «Desiree da berez, baina patata gorria esanez ezagutzen dugu; gure amak-eta hauxe erabili ohi zuten frijitzeko batez ere, bestea baina gogorxeagoa baita eta oso-osoa geratzen da». Kiloa 2 euroan zuen, eta oso ondo saltzen ari zen.
Loreetan, berriz, idortua eta iraupen luzekoa den statis sortak ekartzen hasi da Juli Otegi beasaindarra. Bere-bereak ditu lore horiek, postu honetan bakarrik aurki daitezke, eta urtea joan urtea etorri ekartzen ditu.