Goierriko behar bereziko gazteen gela arriskuan
GUTUNA – Arantxa Esnaola (Beasain)
Beasaingo Institutoko ZIG gela itxi nahi dute. Zereginen Ikaskuntzarako Gelen (ZIG) helburuetariko bati erantzuteko, «hpb dituzten ikasleak bizitza aktibora igarotzea ahalbidetzea» (…), gazte bakoitzari egokitzen zaiolarik, haren ohiko giroa aintzat hartuz eta xede batzuetara bideratuz, testuinguru jakin batean eta epe mugatuen baitan. (www.hezkuntza.ejgv. euskadi.eus).
Gazte hauen gurasook sinestu ezinik gaude; gure seme-alabeek dituzten beharrei erantzuteko Goierri eskualdean zegoen eskola bakarra ixtera doaz! Inork ez du ezer azaltzen, inork ez du ezer egiten… Gutxika, gutxika… poliki, poliki… inor ez dadila konturatu, ezta guk ere!! Konturatzerako kalean gaude. Gure gazteen etorkizuna jokuan dago. Babesgabe utzi nahi gaituzte gu eta eskualdearen geroa.
Delegaritzak ikustezin bihurtu nahi gaitu, ez digute ezerrez aipatu. Nonbait ‘kolokatu’ aniztasuna eta inklusibitatearen izenean! Nola ez ba! Nola liteke Goierri bezalako eskualde batean hezkuntza publikoan gela bakarra izanik hau ixtea? Ikasle falta. Delegaritzaren erantzuna. Pentsatzen jarri, zeinek ez du ezagutzen bere inguruan ikasketa berezia behar duen norbait? Ikasle mota oso anitza da, eta beharrak asko aldatzen dira gazte batetik bestera. Horregaitik ZIG gela berri baten beharra aldarrikatu nahi dugu, egitasmo ireki bat gaur egungo beharrei erantzuna ematen diena. Ez gaude prest bulego batetik hartutako agindu baten menpe egon eta gure seme-alaben formakuntzari dagokion erabakietatik kanpo geratzeko. Gure gazteen etorkizunaren parte hartzaile izan nahi dugu. Prest gaude. Gure gazteen hezkuntza premia bereziei erantzuna ematen dien ZIG gela berri bat nahi dugu!
– Arantxa Esnaola (Beasain)