Oposizioak inbertsioen atalean egindako hainbat proposamen aurrera atera dira, gehiengoa baliatuz. Udal gobernuak egindako proposamenen artean San Bartolome auzoko antolaketa onartu da.
Ordiziako udalbatzak 2017rako aurrekontua adostu du. Udal gobernuak martxoaren hasieran egin zuen aurrekonturako lehen proposamena. Oposizioa (EH Bildu eta Ordizia Orain) ez zen ados agertu inbertsioen atalarekin. Harrezkero, lau hilabete igaro dira eta pasa den ostegunean, ekaineko ohiko bilkuran, itxi zuten azkenik aurtengo aurrekontua. Orain onartu diren 443.000 euroekin, eta aurretik onartuta zeudenekin, Ordiziako Udalak 1.700.000 euro inguru ditu inbertsioak exekutatzeko.
Udal gobernuak laugarren aldiz aurkeztu zituen aurretik udalbatzak atzera botatako hainbat inbertsio: Plan Orokorra, San Bartolome auzoko proiektua eta aparkaleku bat egitea. Hiruetatik, San Bartolome auzoko antolaketa, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko proposamena onartu zuten, aho batez. Tren geltokiaren inguruan Adifek egingo dituen hobekuntzekin batera, aldaketa nabarmena izango du eremu horrek. Foru Aldundiaren babesa duen proiektua da San Bartolomekoa.
Oposizioaren babesik jaso ez zuten bi puntuei dagokienez, Jose Migel Santamariak, beste behin ere «oposizioaren estrategia politikoa herritarren gainetik» dagoela adierazi zuen. Udal gobernuarentzat «aparteko garrantzia» du Plan Orokorrak, Ordiziako hirigintzaren antolaketa orokorra definitzen duen dokumentua baita eta oposizioak «plana blokeatuta, denbora eta dirua alperrik galtzea» ekarri dituela adierazi zuen.
EH Bilduko ordezkariak, aurreko udalbatzatik udal gobernuak «inolako proposamenik egin gabe hilabete pasatzen utzi» duela adierazi zuen eta hori izan da hain zuzen, oposizioko bi alderdiek «ezezko botoa ematearen arrazoia». Aurreko udalbatzan mahai gainean gelditu zen San Bartolomeko proposamena, «bi plano eta eskuz idatzitako aurrekontu bat» aurkeztu zitzaiolako oposizioari.
Oposizioaren proiektuak
Oposizioak, bestalde, beste hainbat proposamen egin zituen: Oianguko Baserriko bigarren solairua egokitzeko 40.000 euro, Udalerako lokalak erosteko 128.000 euro, irisgarritasunerako 50.000 euro eta udal zerbitzuetarako renting-ez kale garbigailua erosteko partida.
Proposamenak aurrera atera ziren, EH Bildu eta Ordizia Orainen 7 botoekin. EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten (6 boto).