Alkatea gezurretan ari da
GUTUNA - Mila Sukia (Ordizia Orain)
Ekainaren 29ko osoko bilkuran Enirio-Aralarri buruzko mozio bat eztabaidatu zen. Bi eskaera jasotzen zituen puntuak; pista gehiago ez eraikitzeari babesa ematea eta Aranzadi Zientzia Elkarteari ikerketa-plan bat idatz dezala eskatzea, Aralarri begira egon daitezkeen alternatiba guztiak ezagutzeko eta mankomunitateko ordezkari batzuengandik gertu dauden ganaduzale batzuen interesak soilik aintzat ez hartzeko.
Ordiziako alkatea Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakaria da, baina bere botoa ez dator bat Ordiziako Udalbatzaren gehiengoak exijitzen dioenarekin. Ekainaren 29ko osoko bilkuran alkateari galdetu zitzaion ea zer jarrera hartu behar zuen mankomunitateak uztailaren 3an egin behar zuen batzarrari begira. Galdetu zitzaion udalbatzaren erabakiak errespetatu behar ote zituen ala bestelako boto bat eman behar ote zuen.
Alkateak erantzun zuen gaia aztertzeko zuela, eta ez zekiela zer boto eman behar zuen es- kaera horiei lotuta. Ordizia Orain taldearen galderei erantzunez, alkateak esan zuen ez zekiela zer egingo zuen, eta bere erabaki pertsonala Udalbatzak adostutakoaren aurkakoa bazen (7 boto alde, 5 aurka eta abstentzio bat), seguru asko berari egokiena iruditzen zitzaion botoa emango zuela plenoaren erabakiari entzungor eginez (Udalaren webguneko youtube-a, ordu bat, 37 minutu eta 45 segundo)
Gauzak horrela, Ordizia Orainek ez zuen alkatearen eskutik inolako komunikaziorik jaso mankomunitateko bileraren aurretik (uztailaren 3a), eta hori gutxi balitz, mankomunitatearen bilera hartan jakin genuen alkate jaunak idatzi bat aurkeztu zuela bere izenean. Gaur, uztailak 7, idatzi horren edukia ezagutu eta gero, jakin dugu ekainaren 29an aurkeztua izan zela, eta Enirio-Aralarko 2015-2019 planarekin aurrera jarraitzea eskatzen zuela bestelako ikerketa baten beharra aipatu gabe. Hau da, osoko bilkura baino lehenago aurkeztu zuela idatzi hori, eta Ordiziako ordezkariek Udalbatzan onartutakoari kasurik ez egitea erabaki zuela.
Jarrera horiek dira Ordizia Orain taldeari Ordiziarentzat onak izan daitezkeen akordioak ez lortzea eragozten dietenak. Eta ez du lortzen, alkateak ez duelako hitza betetzen. Ez da fidatzekoa, argi gelditu da hori Enirio-Aralarko kasuan.
– Mila Sukia (Ordizia Orain)