Kultura ere berdintasunean
GUTUNA – Laguntasuna Errondalla, Ordiziako Txistulariak, Urrup antzerki taldea, Ordiziako Musika eskola, Santa Ana abesbatza, Oroith abesbatza, Larrunarri abesbatza, Barikuan, AZEN erraldoiak, Amets Bide kultur elkartea (Ordizia)
Ez genuen gutxiago espero. Ordizian ere herriko talde eta eragile ugarik berdintasuna aldarrikatzeko konpromisoa hartu dute eta Udalak grabatutako bideoan jaso dituzte euren mezuak. Harrituta eta triste geratu gara bideo horretan kultur-eragileen presentzia eskasarekin.
Kirolak duen indarra eta ondo merezitako lorpenak aski ezagunak dira Ordizian, baina modu apalagoan bada ere, gure lekutxoa egiten ari gara Kultur-taldeak ere. Besteen artean, herrian jai eta ekintzetan parte hartzen dugu, gure ohitura eta tradizioak mantentzeaz gain, sorkuntza lanetan ere bagabiltza, 750. urteurrenerako prestaketa bileretan lanean ari gara eta Kultura-Batzordetik horrenbeste amesten dugun Kultur-gunea etorkizun batean egi bihurtu dadin, lanean dihardugu.
Zorionez, Ordizia herri anitza dugu eta kostako da horrenbeste talde eta eragile dituen herri dinamikorik topatzea inguruan.
Honenbestez, aniztasun hori aintzat hartu eta horrelako aldarrikapenetan Ordiziaren alde lan egiten dugun talde eta eragile guztiak islatzea besterik ez dugu eskatzen.
Eta noski, kultur-eragileen izenean ere, Ez beti da ez!
Ondo pasa Santa Ana jaiak!
–Sinatzaileak: Laguntasuna Errondalla, Ordiziako Txistulariak, Urrup antzerki taldea, Ordiziako Musika eskola, Santa Ana abesbatza, Oroith abesbatza, Larrunarri abesbatza, Barikuan, AZEN erraldoiak, Amets Bide kultur elkartea (Ordizia)