Goierriko Hitzak eta Fotoetxek Udako 12. Argazki Lehiaketa antolatu dute. Irailaren amaierara arte aurkeztu daitezke argazkiak, gaurtik hasita.
Dagoeneko 12. edizioa du Goierriko Hitzak eta Fotoetxek elkarlanean antolatzen duten Udako Argazki Lehiaketak, eta aurten, berrikuntza ugarirekin dator. Izan ere, lehiaketa goierritar guztientzako egongo da zabalik, harpidedun izan edo ez, nahiz eta harpidedunek sari bereziak jasotzeko aukera izango duten. Gaur bertan ireki da argazkiak aurkezteko epea, eta parte hartu nahi dutenek abuztu eta irail osoa izango dituzte beren argazkiak bidaltzeko; irailaren 30ean bukatuko da epea.
Lehiakide bakoitzak gehienez bi argazki bidali ahal izango ditu. Parte hartzeko goierri@hitza.eus helbidera bidali behar dira irudiak. Jasotzen diren argazki guztiak goierri.hitza.eus webgunera igoko dira irailean zehar, eta irakurleek gustukoen dutena aukeratu ahal izango dute.
Aurten sari gehiago
Udako 12. Argazki Lehiaketan lau sari nagusi eta irakurleek aukeratutakoen artean beste 6 banatuko dira aurten. Fotoetxeko Jose Mari Telleria eta Lake Oiarbidek eta Goierriko Hitzaren lan taldeak osatuko dute epaimahaia. Fotoetxek bi sari emango ditu: argazkirik onenarena eta argazkirik originalenarena. Lehenak, Kappa euskarrian inprimatutako norberaren argazki bat
jasoko du, 60×100 tamainan. Bigarrenak berriz, 60x90eko handitzea lortuko du, Lienzo euskarrian. Sari horietan, harpide direnek nahiz ez direnek parte hartuko dute.
Goierriko Hitzaren sariak, berriz, harpide direnen artean bakarrik banatuko dira. Lehen sarituak, Nekaturrek eskainitako egonaldi baterako bonua jasoko du. Bigarrenak, Argindegi jatetxeak eskainitako bi lagunentzako menu berezia.
Saridunen izenak urrian jakinaraziko dira.
OINARRIAK
· Lehiaketa. Goierriko Hitzak eta Fotoetxek antolatutako Udako 12. Argazki Lehiaketa.
· Epeak. Gaurtik irailaren 30era bitartean bidal daitezke argazkiak goierri@hitza.eus helbidera, datu guztiak jarrita: izen-abizenak, telefonoa, helbidea, herria eta harpidedun kodea (harpidedunen kasuan).
· Parte-hartzea. Irekia izango da parte hartu nahi duten guztientzat. Harpideek, ordea, sari berezietarako aukera izango dute.
SARIAK
· Argazkirik onena. Fotoetxe dendak eskainita, 60×100 argazki handitua Kappa euskarrian.
· Argazkirik originalena. Fotoetxek eskainita, 60x90eko argazki handitua Lienzo euskarrian.
· Harpideen 1. Saria. Nekaturrek eskainitako Nekabonu Orlegia (86 nekazalturismoren artean egonaldi bat aukeratzeko).
· Harpideen 2. Saria. Argindegi jatetxeak eskainita, bi lagunentzako menu berezia.
· Bozketa. Internet bidez boto gehien jasotzen dituztenentzat 6 argazki handitze (24×30), Fotoetxek eskainita.