Asteburu betea izango da Zaldibian. Herri Lasterketa krosa eta afizionatuen txirrindulari proba jokatuko dira bihar eta etzi. Aralarko gazta dastaketa eta jubilatu eguna ere egingo dituzte
Urtean gutxitan bezalako ekitaldi jarioa izango da asteburu honetan Zaldibian. Kirol proba, jai sozial eta ekitaldi mordoxka elkartuko dira, bihar-etzitan.
Zaldibiako VII. Herri Lasterketa korrika proba izango da lehenengoa, bihar 11:30ean. Zazpi kilometroko ibilbide laua dute korrikalariek. Lehen hiru neskek eta mutilek, beterano onenek, eta zaldibiar neska, mutil eta talde misto azkarranek dute saria. Izena aurrez
herrikrossa.eus webgunean eman liteke. Gaur da azkeneko eguna. Denek elastiko bana jasoko dute opari.
Igandean, berriz, 23 urtez azpiko txirrindulari afizionatuen VII. Zaldibiako Sari Nagusia jokatuko da, Gailurrerantzek antolatua, Lehendakari txapelketako azken proba baliagarria. Denboraldia bukatuko da. 10:00etan irtengo da tropela plazatik, eta 110,7 kilometroko etapa daukate. Lau aldiz igaroko dira herritik tartean. Helmugaratzea 12:46a alderako dago aurreikusita. Larraitz eta Gaintza dira menda-teak, biak Telleri aldetik gora, azken 40 kilometroetan.
Aralarko gazta dastaketa
Ardiki Kofradiak, biharko, Aralarko gazta dastaketa antolatu du. Herriko gazte batzuek eskatu zieten antolatzeko, duela hiru-bat urte, eta bihar izango da lehenengoz, Zubi-Buru elkartean 18:00etan hasita, pare bat orduz.
Aralarko artzainek egindako 18 gazta ekarriko dituzte dastaketarako. Txartelak tabernetan salgai jarri dituzte, 5 euroan. Hori erosi eta joan, besterik ez dago egin beharrik. Orri bat emango diote bakoitzari, oharrak edo puntuazioak hartzeko; baina ez da lehiaketa.
Zaldibiako jubilatuek ere urteko festa asteburuan dute, igandean. Aurrena, 11:00etan, Santa Fe elizan meza izango da, hildako lagunen omenez. 14:00etan, bazkaria Zubi-Buru elkartean egingo dute. Ohi bezala, edadetuenak omenduko dituzte gero, tartean Zubi-Ondo tabernako Joxepa Etxeberria. Igandean 104 urte bete zituen.
Bestetik, Iztueta ikastolaren sorrerako 50. urteurreneko festa ere igandean egingo dute. Bazkaltzeko bilduko dira 135 lagun.
Plazarako ideiak erakusgai
Herriko udaletxea eta plaza ingurua berritzeko ideia lehiaketako proposamenen erakusketa ere irekita dago, Karreane kultur etxearen behealdean. Gaur, bihar eta astelehenean goiz eta arratsalde dago irekita (10:00-13:00 eta 16:00-20:00); igan-dean, goizez (11:00-14:00).