XVI. Sagardo Astea abiarazi dute Igartubeiti Baserri museoan. Hernaniko Altzuetak irabazi du sagardo onenaren saria. Cider Truck-a Ezkioko baserrian da
Sagar urte oparoa izan da, goiz heldu dira sagarrak eta sagardogile bat baino gehiago lehenago hasi da aurten sagardoa egiten. Aitzitik, Ezkioko Igartubeiti Baserri Museora ohi bezala urriarekin iritsi da Sagardo Astea eta aurtengoa atzo abiarazi zuten. Hilaren 13ra arte egunero jarriko dute dolarea martxan.
Igartubeitiko sarreran Gipuzkoako Foru Aldundiak sagardoa sustatzeko martxan jarri duen erakusketa ibiltaria zegoen atzo. Hain zuzen, Cider Truck izena jarri diote, ingelesezko adieran, Sagardoaren Kamioiari. Bertan zen atzo hainbat informazio panelekin batera. Bertatik Bertara egitasmoak bultzatzen dituen produktuekin atondutako mahaiarekin osatu dute Goierri garaian sagardoaren kamioia. Igartubeitin asteburuan egongo da. Ondoren, Cider Truck-a Donostia Gastronomika egitasmora eramango dute.
Joseba Etxezarreta Ezkioko alkatearekin batera Maite Cuadrado Foru Aldundiko Turismo zuzendaria eta Jose Antonio Garmendia Landare alorreko unitateko koordinatzailea izan ziren atzo Igartubeitin egitasmoa aurkeztu, eta Sagardo Lehiaketako sariak banatzeko. Hernaniko Altzuetak jaso zuen lehenengo saria, Adunako Aburuzak bigarrena eta Sarasolak hirugarrena.
Ondoren, Zeraingo Oiharte sagardotegiko kupela ireki eta txotxetik edan zuten. Bertatik Bertarako produktuekin batera dastatu zuten sagardoa.
Dolarea martxan
Igartubeiti baserriaren bihotza, dolarea alegia, martxan jarri zuten atzo. Garai batean martxan jartzerakoan Ezkioko Yartu elkartekoek antzezlana egiten zuten, baina bi urte badira jada Karmakros antzerki taldekoek egiten dutela.
XVI. Sagardo Astea
Sagardo lehiaketa:
1.- Altzueta (Hernani). 82 puntu.
2.- Aburuza (Aduna). 80 puntu.
3.- Sarasola (Asteasu). 70 puntu.
Egitaraua
· Urriaren 13ra arte. Igartubeitiko dolarea martxan egunero, 12:00etan.
· Urriak 7, 8 eta 12. Sagardoa kirikoreta erritmora, 12:00etan. Antzezpenak Karmakros taldearen eskutik 11:30ean eta 13:00etan.