Lehen mizpirak agertu dira, eta loreen eskaintzan ere nabari da neguko denboraldiaren gertutasuna. Larsabi sortu da eta honi esker emango dugu astero arkumearen prezioa.
Baliarraingo Edurnek ekarri ditu mizpirak azokara.
N eguari aurre egiteko ekoizpenak behar den garaian bildu eta baldintza onetan gordetzeak berebiziko garrantzia du, neguko jakiak ziurtatze aldera. Garaiak aldatu dira, kontserbatzea errazagoa da izozkailu eta abarrei esker. Hala ere, naturaren zikloak bere horretan dirau eta eguraldia lagun garaian garaiko eginkizunak hor dira. Momentu honetan, esate baterako, babarrun biltzen ari dira baserritarrak. Intxaurrak, hurrak, sagarrak… ondo lehortzeak «zabal-zabalen belar idorrean» inportantzia handia du. Hortik garai batean baserriko zapaiek zuten garrantzia.
Honen guztiaren isla ere badira azokak. Ordiziakoan, sagar eta irasagar dultzeak ia salgai dira, 6 eta 9 euro artean kiloa. Intxaurrak lehortzen jarriak eta indaba geroz eta gehiago da salgai, baina oraindik ere biltzen ari dira, eguraldi ona lagun. Zerrendan ageri da momentu honetako aukera, atzo salgai jarritako perretxiko aukera zabalarekin batera.
Atzo lehen mizpirak ere ikusi genituen, baina oraindik jateko puntuan izateko itxoin behar da. Kiloa 3 euroan zen salgai. Gaztaina ere bada, kiloa 4 eu-roan. Aldiz, ez genituen basakanarik ikusi.
Loren panorama neguari begira ederki aberasten ari da: pentsamentua, kukupraka, alelia, txilarra… «Gutxi batzuk ekarri ditugu, baina laster gehiago izango da», zion Maria Dolores Mendizabalek. Gainera, hurbiltzen ari da Santu Guztien eguna eta ordurako aukera paregabea izango da.
Ilbehera
«Ilargi onena lurren giro ona». Esaldi hau Ibarrako Montes Etxekoen amonak erabiltzen zuela esan zigun biloba Patxi Izagirrek. Halere, ilbeheran gaudela eta tipulinak ia aldatzeko prest dituztela oroitarazi digute landarezaleek.
Arkumeen prezioa
Gipuzkoako ardien salmenta eta bilketarako elkartea zen Garsabi. Orain Larsabi bihurtu da eta bere printzipio eta helburu nagusia da hemengo arkume latxa, lehentasunez, hemen bertan komertzializatzea, gertuko produktua, kalitate onekoa, prezio duinean kontsumitzeko bitartekoak jarriz. Elkarte honi esker astero arkumeare prezioak emango ditugu tarte honetan.