Korosti Alkoholiko Anonimoen taldeak 35 urte bete ditu. Hasieran Urretxun bildu ziren, 1982an Legazpin lehen egoitza izan arte. Egun anbulatorio zaharrean daude.
Alkoholiko Anonimoen Korosti elkarteko kideak Urretxura joaten ziren 1982an Legazpin bertan elkartzen hasi ziren arte. Ordutik 35 urte igaro dira. Kultur etxean egin zituzten lehen bilerak eta ondoren Itxaropenen izan zuten egoitza. 2000. urtetik aurrera Patrizio Etxeberria kalean daude, anbulategi zaharra zegoen tokian. Atariaren kanpoko aldean egurrez tailatuta ageri da Alkoholiko Anonimoak izena eta han elkartzen direla adierazi ere.
Anonimotasuna da elkartearen izenak ematen duen lehenengo giltza. Erreportaje hau laguntzen duen argazkian aurpegiak lausotuta daude eta agertuko diren hiru izenak asmatutakoak dira. Mikelek anonimotasuna zertan datzan azaldu du: «Bileretara datozen beste pertsonen anonimotasuna norberarena baino garrantzitsuagoa da. Nik aurpegia eman dezaket, akaso horrek honezkero garrantzia galdu du niretzat, baina gure kideen anonimotasuna gordetzea denon lana da». Aukera norberarena da, baina elkarte gisa anonimotasuna komunikabideekiko betebeharra da.
Norberak hartu dezakeen aukera horretan kabitzen da, esate baterako, kultur etxean bilerak egiten zituztenean liburutegira igo eta handik liburu bat besapean Alkoholiko Anonimoen bileran sartzen zen pertsona, kabitzen dira Legazpiko taldeko bilerak saihestu eta inguruko herrietakora doazenak eta kabitzen dira urteen poderioz beldurra galdu dutenak.
Gaixotasuna da
Gaixotasuna elkartearen beste hitz gakoetako bat da. Alegia, 28 urte dira Mikelek alkohol tanta bakar bat ere dastatu ez duela. Arantxaren kasuan, 24 urte dira. Alabaina, diotenez, «alkoholismoaren gaixotasuna ez da sendatzen, gelditu daiteke, baina beti berriro erortzeko arriskua dagoenez ez da sendatzen».
Alkoholismoaren sendatu ezinezkotasunak horrenbeste urteren buruan astero-astero elkartearen bileretara joatea bultzatzen dituela diote Mikelek eta Arantxak. Asteazkenero biltzen dira, bilerak itxiak dira, osatzeko bilerak direla diote. Bestelako jarduerak ere badaude; bilera irekiak nahiz hitzaldiak egin daitezke. Legazpin, ordea, ohikoena bilera itxiak dira. 35. urtemugan egindako hitzaldi publikoa salbuespena izan da. Mikel, aitzitik, ikastetxeetara joan ohi da gaztetxoei hitz egitera: «Institutuetara joaten naiz, nire lana ez da baina prebenitzea, kontzientziatzea baizik».
Zailena lehenengo urratsa ematea dela diote Mikelek nola Arantxak, nahiz eta bakoitzaren historia oso bestelakoa den. Arantxak normal edaten zuela uste zuen etxeko txokoetan botilak ezkutatzen zituela konturatu zen arte. «Arazo bat nuenaren kontziente izan nintzen eta laguntza eskatu nuen. Ondo egon nahi nuen». Mikeli emazteak emandako ultimatumak eman zion bultzada: «Lehenengo bilerara iritsi eta hangoek gaixo zegoen pertsonatzat hartu ninduten. Hizkuntza unibertsala da; inork ez zaitu beste alkoholiko batek baino hobeto ulertuko». Mikelen emaztea ordurako Al Anon senideen elkarteko bileretara joaten zen.
Senideak, ifrentzuan
Alkoholak kuraia, beste nor izateko aukera eta ahanztura ematen zietela diote Arantxak eta Mikelek. Gaixotasuna izaki, mendekotasun fisikoa geratu daiteke, psikikoki alkoholik gabe munduari aurre egiten ikastean osatzen dira eta espiritualki bakoitzaren historiak ematen du gaixotasunak utzitako zuloen neurria. Asko eta asko osatzen dira betirako gaixoak diren arren, beste batzuk berriro erortzen dira eta elkartean ez dute haien berri gehiago izaten. Beste aukera bat ospitale psikiatrikoak direla dio Mikelek: «Guretzat latza da hemendik pasatakoak ospitaleetan ikustea noizean behin elkarteko kideek bisitak egiten dituzte. Izan ere, alkoholak buruko gaixotasunak eragin ditzake».
Edaten zuten garaian Arantxa eta Mikel ez zeuden bakarrik. Alkoholiko Anonimoen elkartearen adarra da Al-Anon elkartea, senideen elkartea. Legazpiko egoitza berean elkartzen dira. Maite Al-Anon elkarteko kidea da. Legazpin senideak alkohol arazoak zituztenak baino lehenago elkartzen hasi zirela dio; bere kasuan, 1979an hasi zen. Dagoeneko ez dago alkoholik bere etxean baina ostegunetako bileretara hutsik egin gabe joaten da.
Maitek dioenez, «seme-alabak dira alkoholak eragiten dituen galtzaile handienak». Al-Anonen arauak eta jarraibideak Alkoholiko Anonimoak elkartearen paraleloak dira, «beraiek 24 orduz edan gabe egotea eskatzen diote euren buruari eta guk 24 orduz trankil egotea». Maitek emandako datuen arabera, alkoholiko bakoitzagatik lau pertsonek ondorioak jasaten dituzte. «Gure elkarteak gaixotasuna ulertzen laguntzen digu».
Al-Anonen egun alkoholarekin arazoa duten seme-alaben gurasoen kopuruak gora egin duela dio. Datua osatzen du Mikelek euren bileretara gero eta gazte gehiago batzen dela dionean. Emakumezko gehiago ere joaten da Alkoholiko Anonimoen bileretara eta garai batean baino gizonezko gehiago senideen bileretara. Bide batez, gogoratu dute alkohola utzi gabe parte har daitekeela eta senidea Alkoholiko Anonimoetara ez badoa ere, Al-Anonen ateak etxean arazoa dutenei irekita daudela.
Ez dira alkoholaren kontrako elkarteak, ez dute prebentziorik egiten, baina egungo gaztetxoen edateko moduak harritzen ditu: azkar edan azkarrago mozkortzeko. Eredu berria ulertezina egiten zaie, areago alkoholak eragin dien mina gogoan izanda. Maitek egiten dituen hitzaldi publikoetako batean gazte baten eskerrak emateko moduak txunditu zuela gogoratu du: «Alkoholarekin arazoa badugu, orain badakigu nora joan».