Kiwiak, sagar zukua, koloretako azalorea edota baba txikia atzoko nobedade lore arteko ferian. Datorren astekoa egun bat aurreratuta dator, Santu Guztien ospakizuna dela eta.
Atzo eskaintza aurkeztu eta enkarguak hartzeko feria izan zuten lore saltzaileek. Santu Guztien bezperan izango da datorren astekoa, baina justu xamar izango dela eta, atzo jende asko propio Ordiziara joana zen urteko hitzordu hori ohiko moduan markatzeko, hilerriak apainduz. Biziaren joanaren marka bailitz loreak erostera joana zen Jakintza ikastolako 2 eta 5 urte arteko haur talde koskor bat ere, bakoitza pentsamendu lorea eskuan eskolako baratzean landatzeko ilusio handiarekin prest.
Poltsiko eta gustuen arabera lore aukera handia zen. Lore moztuekin egindako zentroak 33 eta 105 euro artean ziren, baina hautatutako lorearen arabera garestitu edota merkatu egiten dira. Lore bizidunak, berriz, 25- 45 eruo artean eskaintzen zituzten. Garaiko lore hauek dira erabilienak: ziklamena, azalea, krisantemoa, pentsamentua, primula, txilarra, kukupraka, so- lanum edo laranja txikiak, denak 1,5 eta 11 euro artean.
Laranja txiki horiek apaingarriak dira, baina jatekoak zuze-nean Valentziatik Juan Carlos Costa ekoizleak ekarriak atzotik astero izango dira apiril-maiatzera arte, Goen plazan, eta ostiraletan Plaza Nagusian: laranjak (2-2,7 euroan kiloa), klementina mandarinak (2,5 euroan) eta lehen aldiz, kakiak (2,7 euroan).
Koloretako azaloreak
Arantxa Iparragirrek aurkeztu zituen azalore horiak eta moreak. Lonbarda azaren kolore beretsua du azken honek baina azalore burua du. «Hazia interneten lortu zuen Joseba semeak eta hara, hemen dira orain». Bakoitza 2,5 euroan zen salgai. Ondoan zituen azenarioak eta urruti ez romaneskoak, postu koloretsu eta erakargarria osatuz. Baba txiki berria ere bazen, Atienzaren postuan, kiloa 2,5 euroan.
Fruta kontuetan hemengo lehen kiwiak Legorretakoak izan dira. Juli Otegik 3 euroan zituen salgai. Fruta postu gehienetan ikusten direnak Zeelanda Berritik ekarriak dira eta 4 eurotik gorako prezioa dute. Etxeko sagarrekin egindako zukua ekarri zuen Gabiriako Oñatibi Txikiko Mirenek, litroa 3,5 euroan.
Nazioarteko kutsua
Erresuma Batutik etorrita, kazetari eta sukaldari talde koskorra, D’elikatuzeko Leire Arandia lagun zutela, gazta erosten aritu zen. Paristarrekin ere topo egin genuen, Donostian pasatzen ari diren oporraldia aprobetxatuz Ordizian onddoak erosten ari zirela. Harremanak aberasteko edo hizkuntza ezberdinak erabiltzeko gune ere noiznahi bilakatzen da feria hau, datorren astean asteartez izango dena.