Garaiko lehen arkumeak pasatu dira baskulatik eguraldi bustiko atzoko ferian. Baratxuria, ilarra eta baba ereina edo ereiteko prest dutela diote azokara joaten diren baserritarrek.
Giro bustia baina inor gutxi zen kexu. Euria behar da, eta Aizkorri ere zuriz apaindua agertu zen atzo goizean. Produktuen emariak, berriz, handia izaten jarraitzen du, lehen izotzak hasi arte udako azken mozkinak oraindik hor daudelako, izan leka edo piperrak, aire librekoak; tomateak ia negutegikoak dira. Eta puri-purian daude udazken-negukoak: aza, azalorea, brokolia, romaneskoa, lonbarda, bruselaza, ziazerba… Baita luzez izaten ditugun porruak, zerbak, borrajak, urazak, azenarioak, tipulak… ere.
Eta baratxuriei dagokienez, berriak hasi dira, San Martin (azaroak 11) aurretik erein behar denekoa ezaguna da: «Erein nazuzu San Martin aintzin, bestela geldituko naiz ziztrin». Askoz lehenago egiten duenik ere bada eta lehen baratxuri fresko sortak atzo salgai ziren euro batean.
Ilar eta baba ereite garaia
Erne ibili behar da garaian garaikoa jaso nahi bada. Noiz, zer eta non erein pentsatu eta programatu behar da. Baserritarrek hori automatikoki bereganatua dute, berezko jakituria bailitz. Galdezka hasita, denek diote oraintxe baratxuria, ilarra eta baba ereina edo ereiteko prest dutela, bakoitzak bere ohitura jarraituz eta, lurraren kokapenaren arabera, lehenxeago edo beranduxeago. Mota bat edo beste, berriz, gustuaren arabera ereiten dute, batez ere ilarrei dagokienez; Lincoln, Maravilla edota Dorian dira gehien erabiltzen direnak. Eta goiztiar ibili ohi direnak, «erneta bakarrik ez, ia landarea 15-20 zentrimetrokoa ere bai» aipatzen ziguten Miren Aiestaranek eta Edurne Jauregik, ilarraz eta babaz.
Baskula martxan
Aspaldiko partez, Torrea etxean kokatuta dagoen baskula martxan dago berriz ere. Baskula duela aste batzuk ireki zuten, baina atzora arte ez du mugimendurik izan. Hala, garaiko lehen arkumeak pisatu ziren , lau buru hain zuzen ere, eta prezioari dagokionez, 5 euro ordaindu ziren kiloko, bizirik pisatuta.
Bestetik, perretxikoak ere aipatu behar dira. Lasaren postuan onddoak ziren nagusi aurreko asteetan bezala: 200 kilotik gora, kiloa 10 eta 32 euro artean. Esnegorria ere bazegoen aukeran, 40 kilo, 20 euroan kiloa, eta beste bost kilo zizahori ere bai, hau ere kiloa 20 euroan.