Kanpoan hotz, barruan bero
Urretxun eta Zumarragako Aginaga auzoan ere San Martin jaiak ospatu dituzte asteburuan. Eguraldi kaxkarra egin du, baina urretxuar eta zumarragarrek ederki berotu dute gorputza odolki eta buzkantzekin.Euria eta hotza ez dira festarako lagun onak, baina...
Urretxun eta Zumarragako Aginaga auzoan ere San Martin jaiak ospatu dituzte asteburuan. Eguraldi kaxkarra egin du, baina urretxuar eta zumarragarrek ederki berotu dute gorputza odolki eta buzkantzekin.
Euria eta hotza ez dira festarako lagun onak, baina odolkiak eta buzkantzak jateko oso egokiak dira. Hala, asteburu honetan gustura asko jan dituzte Urretxun eta Zumarragako Aginaga auzoan. Ederki berotu dute barrua.Urretxuko ekitaldiak Iparragirre plazako karpan egin zituzten, larunbatean. Protagonista nagusia, urtero bezala, Martintxo txerria izan zen. Haurrez inguratuta egon zen arratsalde guztian eta bake ederra hartu zuen baserrira itzuli zenean.
Iparragirre plazara bertaratu zirenek 90 kilo odolki jan zuten eta 120 botila ardo edan zituzten. Bi urdaiazpiko zozkatu zituzten. Saridunak ez dira azaldu oraindik. Hauek dira saritutako zenbakiak: 656 eta 720. Saridunek hilaren 18ko 14:00ak baino lehen Urretxuko kultur etxera jo behar dute. Iaz irabazleak ez ziren azaldu eta urdaiazpikoak bigarrengoz zozkatu zituzten, Abenduko Ferian.
Errifa salmentarekin 636 euro lortu dituzte eta diru hau Elikagai Bankuari emango diote.
San Martin eguna duela 45 bat urtetik ospatzen da. Izen bereko auzoan antolatzen zuten, auzotarrek. Duela 20 bat urte, ordea, udalak festa auzotik ateratzea proposatu zien. Lehen Gernikako Arbola plazan egiten zen eta azken urteetan Iparragirre plazan egin dute.
Festa udalak antolatzen du, bizilagunen parte hartzearekin. Hamalau laguneko talde bat arduratzen da ekitaldiez. Luis Mari Perez da horietako bat. Gustura ageri da aurtengo parte hartzearekin. «Oso giro ona egon zen. Gainera, Iparragirre Balerdi musika tailerrak abesti batzuk jo zituen. Horietako bat gure sukaldariei eskaini zien. Oso detaile polita izan zen».
Giro polita Aginagan
Zumarragako Aginaga auzoan ere ez dute hotzik pasa. 35 kilo buzkantza, bi ardi gisatu eta dozenaka txuleta jan dituzte.
Dantzan ere berotu dira. Izan ere, larunbatean Irrintzi dantza taldeak 50. urteurreneko azken erromeria egin zuen Aginagan. Lehenengoz, autobusak jarri zituzten bertara joateko. «Eguraldi txarra dela eta, aurreko urteetan baino jende gutxiago etorri da. Hala ere, oso gustura gelditu gara. Oso giro polita egon da eta autobusak arrakasta handia izan du», aipatu du Oleta elkarteko Miren Josune Begiristainek.