Carles Castillejo kataluniarra eta Aroa Merino kanariarra izan dira Behobia-Donostiaren irabazleak. 25.486 korrikalarik hartu dute parte helduetan eta horietatik 525 izan dira goierritarrak
Eguraldiaren aurreikuspenak giro kaxkarra iragartzen bazuen ere, korrikazaleak ez zituen kokildu horrek, eta 53. Behobia-Donostia lasterketa jendetsua izan da beste behin ere. Izena eman zuten 30.912 pertsonatik 25.486 animatu ziren lasterketan irtetera. Helmugara 24.510 lasterkari iritsi ziren, tartean Goierriko 525 korrikalari. Gazteen kategorian eta patinen lasterketan ere parte hartu zuten hainbat goierritarrek.
Carles Castillejo kataluniarra izan zen azkarrena helmugan (1:00:39), aurreko bi edizioetan bezalaxe. Jarraian iritsi ziren Camilo Santiago (1:01:31) eta Iraitz Arrospide (1:02:37), lehen euskalduna. Castillejo iritsi eta 11 minutura iritsi zen lehen emakumezkoa, Aroa Merino kanariarra (1:11:05), hori ere, lehengo urteko txapelduna da. Haren atzetik sailkatu ziren Maria Noguero (1:16:46) eta Dolores Marcos (1:16:56).
Goierritar kopurua gora
Urtez urte, goierritarren kopuruak gora egiten du Behobia-Donostia lasterketan. Aurten 525 izan dira, pasa den urtean baino hiru gehiago, eta emaitza politak lortu dituzte gainera.
Emakumezko euskaldunen artean lehena eta sailkapen nagusian laugarren izan da, Lazkaon bizi den, Maite Arraiza donostiarra (1:17:35). Aurten «parte hartzeko asmorik ez» zuela adierazi badu ere, azkeneko unean, bere laguna den «Izaro Rubioren dortsalarekin atera» zen, Rubio Valentziako maratoia ari baita prestatzen. Igandean egindako lanarekin, «oso pozik» agertu da. Behobiaren ondoren, «inguruan dauden beste lasterketetan parte hartuko» du eta martxoa inguruan «duatloiekin hasiko» dela ere gehitu du.
Goierritarren artean lehenengo gizonezkoa, Alexander Oiarbide ordiziarra izan zen, 1:07:21. denborarekin. Oiarbide «pozik» dagoegindako lasterketarekin, nahiz eta «1:07:00 denboraren azpitik sartzea lortu ez». Bere mailan lehena izan zen, eta sailkapen nagusian 18.a.