Errezil sagarra erne da Gabirian

Igandean ospatuko dute 17. errezil sagar lehiaketa eta baserriko azoka. Hazi erakusketa eta ezti lehiaketa izango dira. Josu Osa eta Jakoba Errekondo adituak aholku emaile

Gabirian igandean ospatuko da 17. Errezil Sagar Eguna. Urteroko legez, hiru lehiaketa izango dira: errezil sagarrena eta sagar-goxo edo menbriluarena —horiek biak gabiriarrentzat—, eta Goierri beheko ezti lehiaketa. Baserriko produktuen azoka ere jarriko dute, plazan. 10:00etatik 14:00etara izango da feria.

Guztira, 27 herritarrek parte hartuko dute, ekimen batean ala bestean. Inoizko kopuru handiena da hori. Errezil sagarra 12 baserrik aurkeztuko dute, sagar-goxo lehiaketan 17k parte hartuko dute, eta azokan postua 15 nekazarik jarriko dute. 09:00etarako eraman behar dituzte gaiak, plazara.

Ezti lehiaketan, Goierri behealdeko erlezainek parte har dezakete. Eskolako Dantzalekuan egingo dute balorazioa, eta hara 10:00-10:30 tartean aurkeztu behar dituzte potoak.

Bertako haziak ikusgai

Aurtengo berritasuna, Hazi Ezkutuen Bila elkarteak jarriko duen erakusketa izango da, Dantzalekuan bertan. Tokian tokiko haziak bildu, mantendu eta berreskuratu nahi dituzte. Inguruko hazi mota batzuk eta beraien ezaugarriak erakutsiko dituzte.

Errezil sagar egunak «helburu didaktikoa» ere badu, hasieratik, Gabino Murua antolatzaileak gogorarazi duenez. Hala, urteroko legez, Josu Osa adituak txertaketari buruz azalpenak emango ditu. Jakoba Errekondo ere Gabirian izango da, azkena atera duen Landareak lantzen liburuarekin. Zalantzak eta galderak argituko dizkie bisitariei. Lontxo Ormazabal sukaldariak sagar konpota egin eta banatuko du.

Sariketa 13:30ean hasiko da. Errezil sagarretan hiru banatuko dituzte, denak maila berekoak eta iaz jaso ez zutenentzat; sagar-goxotan bat, eta eztietan hiru.

Azokako erosleei zenbakiak banatuko dizkiete baserritarrek, ondorengo zozketarako. Errezil saskikada bat, Baztarrika gaztandegiko gazta bat eta Korta jatetxeko sagar-tarta bat zotz egingo dituzte. Taberna zerbitzua Ostatuan, eta Erbie eta Osinalde elkarteetan egongo da.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend