Herritarrak sentsibilizatzea, eta topaguneak eta komunikazioa sortzea da egitasmoaren helburua. Bihar elkarretaratzea egingo dute tolerantziaren zuhaitzaren inguruan
Herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko helburuarekin jarri zuten martxan Giza Eskubideak Herrira proiektua Ordizian, orain dela hiru urte. Egitasmo horren barruan, urtea amaitu arte antolatu dituzten ekintzak aurkeztu zituzten atzo, Barrenan, Dar-dar produkzioak gizarte ekimenezko kooperatibako Asier eta Iker Zinkunegi anaiek. Aurkezpenean ziren baita ere Jose Migel Santamaria alkatea eta Joseba Aranburu zinegotzia.
Proiektu horren ardatza «giza eskubideen inguruan herritarrak sentsibilizatzea eta topaguneak eta komunikazioa sortzea da», Santamariaren esanetan. Gaur-gaurkoz, «herrietan dagoen aniztasuna azaleratzeko asmoarekin antolatutako ekimena» da eta bide batez, «arazoa izan daitekeena aukera bihurtzea ere bilatzen» du.
Horrez gain, «desberdintasun guztien gainetik, elkarrenganako errespetua eta elkar ezagutza garatu» nahi dutela nabarmendu zuen alkateak. «Pertsona guztien berdintasuna da bultzatu nahi dugun helburu nagusietako bat, horren bidez, integrazioa eta kohesio soziala lortzeko».
Bi atal nagusi
Giza Eskubideak Herrira proiektuak bi atal nagusi ditu hartzaile motaren arabera; batetik, «Ordiziako eragileekin elkarlanean, herritar guztientzat sortzen diren ekintzak, jarduerak edo programak osatzen» dutela adierazi zuen Asier Zinkunegi Dar-dar produkzioak kooperatibako kideak. Bestalde, giza eskubideak lantzen dituzten antzerkiaren laguntzaz, eta ikastetxeetan hainbat ekintza egiten dituzte.
Proiektuak dituen bi atalak, «giza eskubideen inguruan sentsibilizazio orokor batetik abiatzen» dira, eta egunerokotasunean, «gure artean gertatzen diren giza eskubideen urraketak aztertuz, giza eskubideak gure errealitate konkretura hurbiltzen saiatzeko helburua dute».
Jarduera ugari
Egitasmo horren barruan, ekintza ugari antolatu dituzte urte amaiera arte. Horietako lehena bihar osteguna izango da, Tolerantziaren Aldeko Nazioarteko Egunena. Barrena parkean dagoen tolentzariaren zuhaitzean, elkarretaratzea eta adierazpen baten irakurriko dute, Goazen Ordizian parte hartzen duten eragileekin batera, 11:00etatik aurrera. Jarraian, Giza Eskubideak Herrira Film Laburren Lehiaketan finalista izango direnak aukeratzeko egingo den parte hartze prozesua aurkeztuko diete, Zuhaiztin.
Azaroaren 25aren inguruan, Ordiziako Udaleko berdintasun sailarekin elkarlanean, laburmetrai lehiaketaren barruan dauden bi film labur proiektatuko dira abenduaren 3an, zine emanaldiaren aurretik.
Horrez gain, azaroaren 30ean, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunean, gune informatibo bat jarriko dute Plaza Nagusian eta herriko kultur eragile batek Hiri Hezitzaile aitorpena jasoko du.
Abenduaren 3an, berriz, Euskararen Nazioarteko Eguna izateaz gain, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ere bada. Horregatik, Garagunearekin eta udaleko euskara zerbitzuarekin batera ekintzak antolatzen ari dira.
Giza Eskubideen Eguna abenduaren 9an da eta egun horretan egingo dute Giza Eskubideak Herrira Film Laburren Lehiaketaren finala. 22 herrialdetako 170 film labur jaso dituzte.
Abenduaren 11n berriz, Euskal gaztazkak sortutako giza eskubideen urraketak lantzeko mahai ingurua egingo dute eta abenduaren 18an, Migratzaileen Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea eta kanpoan bizi diren ordiziarrekin bideo konferentzia egingo dute.