Oposizioko taldeekin partekatu ondoren, euren ekarpenak jaso nahi ditu udal gobernu taldeak. Azaroaren 30eko udalbatzan onartzea dute helburua
Beasaingo Udal Gobernu taldeak 2018rako udal aurrekontu proposamena aurkeztu die oposizioko taldeei. «Pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea» du helburu nagusi, eta «enpleguaren sustapena eta herri eroso eta atseginago bat eraikitzen jarraitzea lehenesten du». Oposizioko taldeen ekarpenak jaso eta azaroaren 30eko udalbatzan onartu nahi dituzte.
Hirigintza arloko inbertsioei dagokionean, herriko hainbat eremuren eraldaketa aurreikusten da. CAFen sarrera nagusiko eraikin multzoarena eta bere inguruarena da horietako bat. CAFen sarrera nagusiko eraikin guztiak bota eta Oria ibaia zabalduko da, «uholdeen arriskuari konponbidea» emateko. Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, Ur Agentziaren, CAFen eta udalaren artean hitzarmena sinatuko da horretarako. «Zubia ere jarri egin beharko da; trafikorako izatea jarri dugu baldintza, bi norabidekoa», zehaztu du; bidegorria eta espaloia mantendu egingo dituzte. Horrekin batera, bidearen beste aldeko etxeen aldeko espaloia zabaldu egingo dute; «beste metro bat emango diogu, irisgarriagoa izan dadin». Azkenik, errepideko zirkulazioa bi norabideetakoa jarriko dute berriz.
Proiektu horrekin bi onura lortuko direla uste du alkateak: «Batetik, Olaran eraikinaren presentzia eta erreferentzialtasuna areagotzeko aukera ematen du eta bestetik, Ezkiaga auzoa bera herrira gerturatu egingo da».
Olaran, Erauskin, Dolarea
Olaran eraikinari dagokionean, «pausoak ematen ari» da udala: «3.000 metro koadro dira eta zaharberritu egingo dugu pixkanaka, lehengo itxura mantenduz. Behetik gora hasi nahi dugu pixkanaka». Horrekin batera, zein erabilera eman dioten aztertzen ari dira; «erabilera anitza ikusten zaio: kultura, ongizate, enpresa…».
Herri erdigunean, Erauskin plaza izango da eraldatuko duten beste gune bat. «Baldintza batzuk betez gero, Nafarroa etorbideak eta Kale Nagusiak bat egiten duen eremua oinezkoentzako bihurtzea gehiago babesten zuten herritarrek parte hartze prozesuan. Barrendain plazatik hasi eta hiltegiko zubirainoko tarte guztia oinezko gunea izango da eta horrek ongizatean lasaitasuna ekarriko du».
Dolarea parkea eraberritzeko proiektu lanketak ere aurrera jarraitzen du: «Parte hartze prozesua egitea eskatu zuen EH Bilduk eta atera zen ondorioa izan zen erabilera anitzeko gunea izatea: kirol erabileraduna, toki lasaia, berdeguneak mantendu eta ahal dela gehitu…».
Igartza auzoari dagokionean, Igartza-Oleta kalean norabide bikoitza berreskuratuko dute, espaloia eta bidegorria mantenduz. Azkenik, beste bi proiektu ere baditu udalak esku artean: Usurbe Antzokian aulki kopurua gehitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko proiektua, eta Garinen ur zikinak eta euri urak biltzearena.
Enplegua sustatu
Bestalde, enplegua sustatzen jarraitu nahi du udalak, batez ere, ikasketarik ez duten eta langabezian dauden 40 urtetik gorako pertsonei arreta berezia jarrita. «Hori da Beasaingo langabetuen profila, emakumezkoak gehiago dira gizonezkoak baino. Horiei erantzun bat eman behar zaie. Goiekirekin ariko gara elkarlanean», nabarmendu du Aldasorok. Ekintzailetasunari lotuta,
Coworking proiektuak aurrera eramango dituzte. Ekintzaileen guneetako bat da Anezka eta bertan sortu den Andromeda proiektu berritzailea ere bultzatuko du udalak. «Adineko pertsonei zuzendua dago, zahartze aktiboa bultzatzeko. Balorazio bat egingo zaie adinekoei, kognitiboki laguntzeko, bere bizitza ohituretan aldaketak sortzeko».
Euskararen erabilera indartzeko saioa
Gazteen artean euskararen erabilera indartzeko herriko saskibaloi eta futbol taldearekin proiektuak lantzen hasiko da Koikili Lertxundi. «10-20 urte bitarteko gazteak dabiltza talde horietan, eta hizkuntza ohiturak adin horretan hartzen dira. Aisialdira lotutako gune naturala da kirola. 700-800 gazterengana heldu gaitezke». Era berean, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Euskararen Maratoian lehenengo urratsak egiteko asmoa dute.
Kirolaren arloan, kiroldegian hainbat berrikuntza egingo dituzte: sarrera eta takillak irekitzeko sistema bateratua jartzea, gimnasioa handitzea, eta Cross-fit aretoa egokitzea teknifikazio gunean. Kirol Sariak banatzen ere jarraituko dute.
Kulturan, dantzan.eus, Igartza Musika eta Igartza Musika Bekarekin jarraituko dute; Berdintasunean kontziliazioaren gaia landuko dute; eta Bizikidetza dinamika bultzatzen jarraituko dute.