Aspaldiko feria goxoena sagar errezilaren bueltan
Gabiriako errezil onenak Katarain, Izarraundi eta Zuazolagarakoa baserrietakoak saritu dituzte. Ezti lehiaketa Beñat Elortza segurarrak irabazi du, eta sagar-goxoarena Nekane Agirrek. Azoka oparoa egin da.Euria ez denean izotza, eta elurra ez denean a...
Gabiriako errezil onenak Katarain, Izarraundi eta Zuazolagarakoa baserrietakoak saritu dituzte. Ezti lehiaketa Beñat Elortza segurarrak irabazi du, eta sagar-goxoarena Nekane Agirrek. Azoka oparoa egin da.
Euria ez denean izotza, eta elurra ez denean aldagoia. Azaroko hirugarren igandeak berekin dituen faktoreak. Ez da hala izan aurten, Gabirian. Herenegun, eguzki goxotan ospatu zuten errezil sagarraren 17. eguna. Jendetza erakarri du azokak.Feria bera ere aberatsa izan da, partaidetzaz bezala produktuz. Goierri Beheko 19. Ezti Lehiaketan 9 partaide, errezil sagar lehiaketan 12, sagar-goxotan 18, eta baserriko produktuak saltzen 15 postu izan dira.
Izarra errezil sagarra da egun horretan, eta nota onarekin kunplitu du aurtengo uztak etsamina. Ramon Aseginolaza, Xabier Mujika eta Jose Kruz Baztarrika aritu ziren epaile. Hiru onenak apartatu zituzten: Pedro Iztueta (Katarain), Isabel Zumalakarregi (Izarraundi) eta Anttoni Murgiondo (Bekoetxe). Azken horrek iaz saria jaso zuenez, hurrenari eman diote saria, Gotzone Arrondori (Zuazolagarakoa).
Sagar-goxo edo menbriluak probatzen, Josema Azpeitia eta Eloi Iartza sukaldari oñatiarra jardun ziren. Nekane Agirrek (Landeta) egin du onena.
Ezti lehiaketan, 0,2 punturen aldea soilik izan zen Beñat Elortza lehenaren eta Igor Altuna bigarrenaren artean. Txilar gustutxoak eman dio garaipena. Jon Etxeberria, Iñaki Etxezarreta eta Amaia Aierbe ziren epaileak.