Aurrekontu parte hartzaileetan boto gehien San Juan haurreskolarentzat
Datorren urteko udal aurrekontuetan legazpiarrek bozkatutako sei proiektu sartuko dituzte. Bozketan 1.227 lagunek parte hartu dute. Epea itxi dute jadaLegazpiko Udal Gobernuak parte hartze prozesu bat egin du aurten ere datorren urteko aurrekontuen lan...
Datorren urteko udal aurrekontuetan legazpiarrek bozkatutako sei proiektu sartuko dituzte. Bozketan 1.227 lagunek parte hartu dute. Epea itxi dute jada
Legazpiko Udal Gobernuak parte hartze prozesu bat egin du aurten ere datorren urteko aurrekontuen lanketaren harira. Bozketaren abiapuntua herritarrek proposatutako 35 proiektuak izan dira. Ondoren, udal teknikariek eta arduran politikoek hamalau hautatu zituzten. Legazpiarrei hamalau horien artean bozkatzeko aukera eman diete. Boto gehien jaso duen proiektua San Juan auzoko haurreskolarena izan da.Guztira 1.227 legazpiarrek eman dute botoa. Haurreskolako ingurua berritzeko proiektuak 792 boto jaso ditu. Latxartegiko haur parke txikia berritzeko proiektua bigarren tokian geratu da (615). Aukeratutako hirugarren proiektua Domingo Agirre eskolako pilotalekuko goiko aldea ixtea eta pistan hobekuntzak egitea izan da (528). Laugarrena Domingo Agirreko plaza konpontzea izan da (262). Legazpiarrek hautatutako bosgarren proiektua Arantzazu auzoan goi tentsioko kableak lur azpitik eramatea eta auzoko hirigintza lanak amaitzea izan da (512). Seigarrena Urtatzazahar parkea berritu eta elementu berriak jartzea izan da (147 boto).
Sei proiektu horiek datorren urteko aurrekontuetan sartuko ditu udal gobernuak eta 300.000 euro inbertituko ditu: 50.000 euro proiektu bakoitzeko.
Kanpoan geratu direnak
Udal gobernuak aurrekontu parte hartzaileen atalean sartzeko modukoen artean zeuden beste zortzi proiektuak momentuz kanpoan geratu dira. San Jose auzoko hirigintza lanen lehenengo fasea, irisgarritasun hobekuntzak egitea San Inazio auzoan, Plazaolan hondatutako zoru zatien berrikuntza, Muru berriko espaloiak zabaltzea, Telleriarteko plazaren hobekuntza lanen lehenengo fasea, San Inazio auzoan ariketa egiteko gailuak eta komunak jartzea, San Juan auzoan espaloiak berritzea eta Juanastegiko bidegorriaren norabidea aldatzea dira kanpoan geratu diren proiektuak. Horietatik lau datorren urteko parte hartze bidezko aurrekontuen atalera bideratuko dituzte.