Zumarraga eta Urretxuko zazpi dendek Singular Dendak zigilua jaso dute
Urretxu eta Zumarragako zazpi dendek Singular Dendak zigilua jaso zuten atzo Antioko interpretazio zentroan. Zigilu hori Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta Aldundiak sortu dute, denda eredugarriak saritzeko.Zigilua honako zazpi dendek jaso dute: S...
Zigilua honako zazpi dendek jaso dute: Salegi harategia, Goilore lora denda, Goiur Taldea eraikuntza eta berritze enpresa, Mentxu y Yone haurrentzako jantzi denda, Oskarbi oineta-koak, Itxura ile apaindegia eta Leire Santillan diseinatzailea.
Singular Dendak zigilua jaso nahi duten dendek izena eman behar dute eta ondoren ikastaro bat egiten dute. Teknikari batek bisita bat egiten die, bezero bat izango balitz bezala, bezeroei nolako zerbitzua eskaintzen dieten jakiteko. Ondoren, talde lana egiten dute eta aholkularitza zerbitzu pertsonalizatua ere jasotzen dute.
Helburuak
Helburua herrietako merkataritza bultzatzea da. «Dendek zerbitzu bikaina, arreta ona eta eskaintza esklusiboa eskaintzea nahi dugu, jendeak erosketak herrian egin ditzan. Eta Singular Dendak zigilua duten dendek gainontzeko merkatariak animatzea nahi dugu», esan zuen Merkataritza Federazioko Rosa Martinek.
Dagoeneko Gipuzkoako 77 merkatarik lortu dute zigilua eta 2018 amaierarako 200 izatea nahi dute. Zumarragan beste sei merkatari zigilua lortzeko bi-dean dira.