ZerainLabek antolatuta, bihar hasi eta igandera bitartean, Udazken Kulturala izango da Zerainen. Bihar, 18:00etan, Goierriko punta-puntako bi kirolari txapeldunen bisita izango dute herrian. Izenak ezkutuan gorde dituzte antolatzaileek, baina neska bat...
Iñaki Intxaustik ostiraleko mahai inguruan hartuko du parte.
ZerainLabek antolatuta, bihar hasi eta igandera bitartean, Udazken Kulturala izango da Zerainen. Bihar, 18:00etan, Goierriko punta-puntako bi kirolari txapeldunen bisita izango dute herrian. Izenak ezkutuan gorde dituzte antolatzaileek, baina neska bat eta mutil bat direla aurreratu dute. Eskolako haurrek elkarrizketatuko dituzte gazteak, eta ondoren, elkarrekin jolastu eta askariarekin amaituko dute eguna.
Ostiralean, Euskal herriko sei baserritar gazte elkartuko dituzte
Herri txikiak, lurra, gazteak, errotzea gai hartuta: Bettan Hoqui Xiberuko artzain gaztea, Joana Hoqui Xiberuko gazteek bertan etorkizuna izan dezaten lan egiten duen Azia elkarteko kidea, Iker Iurrebaso Bizkaiko Igorreko baserritar gaztea, Arkaitz Martinez de Albeniz Arabako Lautadako baserritar gaztea, Aitor Azkarate Baztango Anizko abeltzaina eta Iñaki Intxausti Zeraingo baserritarra. Elixabete Garmendiak gidatuko du saioa.
Larunbatean erretenak garbitzeko auzolan pedagogikoa egingo dute, 09:00etan. Plazan elkartuko dira, eta bakoitzak bere lan tresnak (aitzurrak, palak eta antzekoak) hartuta, Aizpe aldera joango dira mendiko pista batzuetako urei bide ematera auzolanean. “Gure mendi eta basoetako erretenak garbitzearen garrantzia azpimarratuko dute, eta gazteenek edo ez dakitenek, gure herrietan hain beharrezkoa den lanketa hau ikasteko aukera izango dute”, diote antolatzaileek.
Euskararen egunean, kantu bazkaria
Igandean, berriz, Euskararen Egunean, kantu bazkaria egingo dute Aitor Furundarenarekin, Oiharten. Mandioan eman behar da izena (helduek 25 euro, haurrek 10); bihar da azkeneko eguna. 13:00etan soinu-kantu-poteoa egingo dute Mandion eta elkartean, eta ondoren Oihartera joango dira bazkaltzera; babarrun jana egingo dute. Helduen prezioa 25 euro da eta haurrena 10. Mandioan eman behar da izena; bihar da izena emateko azkeneko eguna.