Beasaingo Udalak 2018rako 16 milioi pasako aurrekontua onartu du
EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko 11 boto jaso ditu proiektuak; EH Bildu abstenitu egin da. «Enpleguaren sustapena eta herri eroso eta atseginago bat eraikitzea» lehenetsi ditu2018an Beasaingo Udalak ku- deatuko duen udal aurrekontua 16.287.458 e...
EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko 11 boto jaso ditu proiektuak; EH Bildu abstenitu egin da. «Enpleguaren sustapena eta herri eroso eta atseginago bat eraikitzea» lehenetsi ditu
2018an Beasaingo Udalak ku- deatuko duen udal aurrekontua 16.287.458 eurokoa da. Osteguneko osoko bilkuran EAJren 9 zinegotzien eta PSE-EEko 2 zinegotzien 11 boto jaso zituen aurrekontu proposamenak; EH Bilduko 6 zinegotziak abstenitu egin ziren. Aitor Aldasoro alkateak adierazi zuenez, «udal gobernuak, legealdiko konpromisoei helduz landutako aurrekontua da, enpleguaren sustapena eta herri eroso eta atseginago bat eraikitzen jarraitzea lehenesten» duena.Ildo horretan, udal aurrekontuak jaso dituen hirigintza arloko proiektu garrantzitsuenak, CAF lantegiaren sarrera nagusiko eraikinaren eraldaketa, Erauskin plazaren eraberritzea oinezko gune bihurtuz, Dolarea parkearen eraberritzea, Igartza-Oleta kalearen zatian zirkulazioaren bi norabideak berreskuratzea, Usurbe Antzokian irisgarritasuna hobetzeko egokitza- penak egitea, baserri bideak egokitzea, Garin auzoan ur zikinen arazoari konponbidea emateko proiektua exekutatzea eta Olaran eraikina berreskuratzeko urratsak ematen jarraitzea dira.
Ongizatearekin lotuta, jarraipena izango dute enplegu planak, Goiz Alzheimer, Beasain Lagunkoiak eta Ondo Ibili, Ondo Izan programek. Horiekin batera, «prebentzio mailan, aurtengo berritasuna zahartze aktiboa bultzatzeko Anezka enpresen inkubategitik jasotako proiektu berritzailea jarriko da martxan adineko pertsonei zuzenduta».
Kirolaren eta kulturalaren alorrean, Beasain Kirol Saria, dantzan.eus-ekin hitzarmena, Igartza Musika Programak eta Beka, eta kiroldegiko inbertsioak jasotzen dira udal aurrekontuan. Bestetik, euskara eta kirola uztartuz, «euskararen erabilera indartze aldera saskibaloi eta futbol taldeekin proiektu berritzailea jarriko da martxan».
Berdintasun arloan kontziliazioa hobetzeko HerriLab egitasmoa abian jarriko dute eta Bizikidetza hobetzeko dinamikak martxan jarraituko du.
Oposizioaren ekarpenak
Aurrekontuaren bozketan EH Bildu abstenitu egin zen, «nahiz eta gure ekarpenak onartu, aurrekontuko hainbat proiektuk kezka sortzen» baitie. Koldo Agirreren esanetan, «berriz ere, oinezkoen eta bizikletaren lehentasunaren aurkako eta autoen aldeko proiektuak egon baitaitezke». Oposizioko taldeek egindako ekarpenetan, EH Bilduk egindakoetan, jarraipena izango dute Dolarea parkearen eraberritzeak, Usurbe Antzokiaren egokitzapenak eta gazteen aisialdirako programa lantzea, 2018-2019an martxan jartzeko. PSE-EEk, berriz, Murumendi ikastetxearen eraikuntzarako hobekuntzak eta kiroldegian gimnasio berria egitea eskatu du. Alkateak eskerrak eman zizkien oposizioko bi alderdiei, udal aurrekontuari egindako ekarpenengatik eta izan duten jarrerarengatik.
Lankidetzara %1a
Beste bi gai ere landu ziren udalbatzan, aho batez onartutakoak. Batetik, Goiener elkartearekin hitzarmena sinatzea, eta bestetik, udalaren aurrekontuko diru sarrera arruntetik %1ari dagokion kopuruaren banaketa garapenerako lankidetzara bideratze. Azken horretan, 2014tik diruaren %70 Euskal Fondora eta gainerakoa %30 ekintza gizatiarretara bideratzen bazen ere, aurten Euskal Fondora %45a eta %25 Garabide elkartera bideratzea erabaki dute. «Garabidek urteak daramatza garapenerako euskal lankidetzaren barruan kooperazio ildo berri bat lantzen, garapenaren bidean dauden herriekin hizkuntza normalizaziorako esperientzien trukean oinarrituta. Ekintza gizatia- rretara ehuneko bera bideratuko dute».
Gobernu batzordean
Bestalde, ostiraleko gobernu batzordean onespena eman zitzaien Egitasmo Orokorra esleitzeko proposamenari. Sabai enpresari esleitu zaio eta datozen urteetan hirigintza arloan Beasaingo Egitasmo Orokorra gauzatuko du. Horrekin batera, onespena jaso du udalak eta La Salle ikastetxearen arteko hitzarmenak. Honela, ikastetxeko kirol instalakuntza eraberrituak erabilera publikoa izango du eta BKL saskibaloi taldeak erabiltzeko eskubidea izango du.