Hondakinak gaizki bereizteak ingurumenean eragina izateaz gain, «gure ekonomian ere ondorioak» dituela nabarmendu nahi du mankomunitateak
Hondakinak behar den bezala bereizteak duen garrantzia azpimarratzeko
Garbi jokatu kanpaina abiatu du Sasieta Mankomunitateak. Oraingoan, hondakinak ondo ez bereizteak «gure poltsikoan» duen eragina nabarmendu nahi izan du. Sasietako Iñaki Erauskinen esanetan, «orain arte egin ditugun kanpaina guztietan hondakinak bereizteko arrazoiak ematerakoan beti ingurumenarekin lotutakoak eman ohi izan ditugu: jasangarritasuna, klima aldaketa, zabortegira edo erraustegira ahalik eta gutxien bidaltzea, Europak jarritako helburuak betetzea… Ez da ordea inoiz gaikako bilketa gure poltsikoarekin lotu».
Ildo horretan, Sasietak emandako datuen arabera, hondakinak nahasian tratatzea, ongi bereizita baino «hiru aldiz gehiago kostatzen da»: Nahastutako hondakinak dituen 5 kiloko poltsa bat tratatzea 90 zentimo kostatzen da Gipuzkoan; 5 kilo behar bezala bereiztuta tratatzea, berriz, 30 zentimo. «Beraz, hondakinak gaizki bereiztea garestia da eta denon artean ordaintzen dugu, ondo egiten dugunok ere bai», gaineratu du Erauskinek. Beraz, Sasietak nabarmendu duenez, «gehienok ondo egin beharrean, denok ondo egingo bagenu, seguraski udalari zabor-tasa txikiagoa ordainduko genioke; gaizki egiten dutenen ondorio ekonomikoak denok ordaintzen ditugula alegia, nahiz eta gehienok ondo egin».
Gaizki egitearen adibideak
Sasieta Mankomunitatearen esanetan, Goierriko herrietan gaikako bilketaren datuak «oso onak» dira. «Une honetan, Gipuzkoan onenetakoen artean gaude Debagoienarekin batera. Ez dugu okerrera egn; alderantziz, hobera egin dugu. Gaikako bilketa %75era iritsi da 2017an, iaz %62an ginen». Hala ere, «guztiok garbi jokatuz» gero, emaitzak hobetu daitezkeela dio. Era horretan, sarrien egiten diren bost adibide oker gogoratu ditu Sasietak: nahastutako hondakinak dituzten poltsak lurrean uztea; hondakinak batere bereizi gabe birziklatzeko edukiontzietan edo ontzietan sartzea; errefusarentzako edukiontzian edo ontzi grisean material birziklagarriak sartzea; konpostagarriak ez diren poltsatan organikoa sartzea; eta kartoia lurrean uztea.
Beasaingo Udala kezkatuta, Oriako ibaiko zaborrekin
Beasaingo Udalak Ura Ur Agentziarekin duen hitzarmenaren ondorioz, hilean bitan Oria ibaiarekin garbiketa egin da Beasainen. «Herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da udalarentzat, herria eta herritarren ongizatean eragin zuzena duelako». Batetik, ibaira botatako hondakinak ateratzen dituzte, eta bestetik, landarediaren mantenua egiten dute.
Udalaren esanetan, «kezkatzeko modukoa» da ibaitik ateratzen den zabor kopurua, «batez ere leku konkretu batzuetan zaborra aldiro botatzeko ohitura dagoelako». Era horretan, «ohitura oker horiek ez burutzeko mezua» zabaldu nahi du udalak.
Landarediaren mantenuari dagokionean, azaroan, «Igartza Oleta kaleko zubi-begia eta Bernedo Eneko aparkalekura sartzeko zubi azpia sastrakez eta zuhaitzez garbitu» dituzte; «zenbait zuhaitz moztu eta uraren ibilbidea oztopatzen duten elementuak kendu dira». Azaroko azken egunetan, berriz, Bideluze zubipetik hiltegi zaharreko zubiperako tartean bakanketa eta sasiak kentzeko lanak egin dira. Goroldi enpresa arduratu da lan horietaz.