Erosteko ugari, omenaldiak eta liburu aurkezpenak ekarri ditu Goierriko liburu azokak
Ostiralean hasi eta astebukaera osoan, euskal liburu, disko eta jostailu azoka egongo da Goierrin hainbat herritan; Lazkaon, Seguran, Ataunen, Beasainen eta Ordizian. Lazkaoren kasuan, 28 urte daramatzate azoka antolatzen. Azokak batzen gaitu lelopean euskarazko kultur eskaintza, goierritarren eskura jartzeko helburuarekin dator azoka. Ohi bezala, bost herriko kultur elkarteak, euskara elkarteak, gazte asanbladak, ikastetxeak, musika eskolak, euskaltegiak, kultura zalea, irakurleak, udalak eta Ordiziako Mujika, Beasaingo Mirentxu eta Lazkaoko liburu dendak aritu dira elkarlanean.
Azokak, omenaldiak eta liburu aurkezpenak ere ekarriko ditu. Ordizian, atzo, ostirala, Mª Karmen Odriozola kazetaria omendu zuten, euskararen alde egin duen lanagatik. Azokaren antolakuntzakoek eskainitako hitzen ondoren, bertso eta euskal dantzak eskaini zizkioten. Horrelako aitortzarik espero gabe, hunkiturik, “guztiagatik eskerrak eman” zituen Odriozolak.
Hurrengo egunetako egitaraua
Gaur ekintzen ondoren, bihar eta etzi ere izango dira hainbat ekintza. Ataunen, bihar, igandea, eskola umeen ipuin kontaketa izango da 11:00etan hasita. 12:00etan berriz, eskulan tailerra antolatu dute eta 13:00etan, Txoriak dira bederatzi liburuaren aurkezpena egingo dute.
Seguran, astelehenean, hilak 18, Joseba Intxaustiren Euskara berri modernoa egiten hitzaldia izango da, 19:00etan, kultur etxean.