Albalote espetxetik babes eske
GUTUNA –Iban Apaolaza Sancho.
Gabonak gainean ditugun honetan argien jolasak irudi bereziak marrazten ditu norberaren gogoan. Irudi alaiak: senide, lagun, herriko txokoak… Eta nola ez, konponbidearen bidean milaka pauso eta irribarrek sortzen dituzten irudi indartsuak. Zoritxarrez kaleko argietatik urrunegi dauden espetxeetan itzalak dira oraindik nagusi.
Idazten ari naizen Alboloteko espetxe honetan zuzendaritzaren zakarkeri, matxismo eta mendeku goseak ez die irribarreei bide handirik egiten utzi nahi. Gure bi kide, Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado, isolamenduan itxiak ditu maiatzetik hona espetxeak. Gizonei behartzen ez zaizkigun lanak egitera behartu nahi izan eta Agurtzaneren eta Ainhoaren ezezkoaren aurrean itxi ere. Emakume izate hutsagatik behartu nahi ere, emakume euskaldun izate hutsagatik isolamenduan itxi ere. Denbora guzti honetan zuzendaritzak ez du inongo konponbiderik bilatu nahi izan eta ez du aldatzeko inongo asmorik erakutsi. Hori dela eta, hemen gauden euskal presoak abiatu dugu jada egoera honi konponbidea ematen saiatzeko borrokaldia eta gutun honen bidez zuei, irakurleei eta goierritar guztiei zuzentzen natzaizue zuen babesa jasotzeko asmoz.
Ez da erraza gutun motz batean gertatu denaren berri zehatza ematea, hori dela eta informazio gehiago jaso nahi ezkero Kalera-Kalerak sarean duen orrian begiratzera animatzen zaituztet.
Guztion laguntzaz lortuko dugu irudi alaiak leku ilunenetara barreiatzea, irribarreak guztion aurpegiak marraztea.
–Iban Apaolaza Sancho.